[Erreportajea] Etxeko uzta taularatuko dute aurtengo hasierako abeslariek
Kontzertuak aukeratzeko dinamika udalak aldatu duen urte honetan, eta hasierako abeslarien eskaintza inoiz baino etxekoiagoa da: Mora eta Son De Rue, Ezinezkoa eta Malforta irundarren txanda izango da.
Aurtengo jaiek kontzertu egun bat gehiago izango dute, hilaren 18koa, hain zuzen ere. Aurreratu egin dira jaiak, eta ia hamabost eguneko sanmartzialak dira 2022koak. Hiru egunetan izango dira Urdanibia plazan kontzertuak: hilaren 18an La Mala Rodriguez eta Unai Muguruza etxeko DJa izango dira oholtzan; hilaren 23an Burrunba Elektrotxarangak giroa animatuko du, eta hilaren 25ean Macaco igoko da taulara.
Baina aurretik hasierako abeslarien txanda izango da. Telonero-ena, musika hizkuntza erabiliz argiago esateko.
Etxekoak, etxean
Aurreko urteetan bozkatu egiten ziren kontzertu nagusiak zeintzuk izango ziren, baina aurten dinamika hori aldatu, eta udalak zuzenean erabaki du zein talde nagusi izango diren festetan. Dena den, hasierako taldeak aukeratzeko au- kera ez dute kendu, eta herritarren bozak jaso ondoren, Mora eta Son De Rue, Ezinezkoa eta Malforta taldeek joko dute, hurrenez hurren, ekainaren 18, 25 eta 28an. Bozketa horretan talde gisa parte hartu ahal izateko baldintzetako bat izan da taldekideen erdia gutxienez irundarrak izatea, eta Ezinezkoa taldearen kasuan izan ezik – erdia dira irundarrak– beste bi taldeak irundarrez osatuta daude osorik.
Borja Mora Lozanok M.O.R.A lehen diskoa aurkeztuko du bihar bere auzotzat duen Moskun, baina era berean, taldekide den Son De Ruek (SDR) ere jarriko ditu errimak. «Herriak eskatzen duelako aterako gara SDRko hiruak, batez ere, talde honen parte izateagatik nagoelako hemen». La Mala Rodriguezen aurretik kantatzea gustuko duela azaldu du, genero berdinekoak direlako eta hori ikusleak eta oholtzara igoko diren guztiek eskertuko dutelako Izan ere, 2019an SDRk Ken Zazpik baino lehenago jo zuen, eta egoera hori «oso arraroa» izan zela du gogoan Morak.
Ezinezkoa taldeko kide da Igor Bidaurre. Azaldu du taldekide gehienentzat «bigarren taldea» izan dela Ezinezkoa, aurretik beste talde batzuen parte izan direlako. Urdanibian joko zutela abisatzeko udalak deitu zienean, berria «poz handiarekin» jaso zutela adierazi du Bidaurrek, ez zutelako «itxaropen handirik», aurreko urteetan beste taldeekin aurkeztu baitira, emaitza ezkorrarekin.
Giroa berotzen hasiko da gaur txosnen irekierarekin. Hasierako kontzertua egingo dutenentzat berezia izango da etxean jotzea bi urtez jaiak ez egin eta gero, baina are bereziago haien herriko jaietan jendetza haiei tentuz adi, neurririk bete behar gabe ikusteagatik.