[Erreportajea] Eskualde osoari deia biharko, Bidasoa ibaia garbitzeko
Bidasoaren aldeetan dauden herrietako boluntarioek ibaia garbituko dute, biharko egin den deialdi masiboan. Udal guztien babesa jaso du Recicla-Birziklatu elkarte antolatzaileak.
Irun, Hondarribia, Hendaia, Urruña, Biriatu, Bera eta Lesakako udalak, Bidasoa ibaia garbitzeko Recicla Birziklatu elkartearen deira atxiki dira. Bihar egingo da garbiketa masiboa, eta, oinez, kayakean, edota uretako beste garraiobide batean parte hartu ahal izango da.
2021ean Biriatuko udalarekin Bidasoa garbitzeko garbiketa saio bat egin zuen elkarteak, eta proposatu zieten urrunago joatea eta handiagoa egitea. Hortik dator Bidasoko zazpi udalen batura. «Hondakinek ez dute mugarik. Hegoaldea eta Iparraldea batu nahi izan ditugu ekintza honekin. Indarrak lotu eta zentzu berean arraun egitea da asmoa», azaldu du Recicla-Birziklatuko kide Laida Rodriguezek.
Antolakuntza lana “galanta” izan dela azaldu du antolatzaileak, eta ibaira sartzeko kayak eta stand up paddleak eskualdeko enpresek utziko dizkietela azaldu du Gorka Alcantarilla elkarteko kideak. “Enpresek utziko dute doan. 100 pertsonentzako plazak eskainiko ditugu, baina ontzia duenak berea ere eraman dezake”. Enpresek utzitakoa nahi izanez gero elkartearekin jarri behar da harremanetan erreserba egin ahal izateko.
Zabor bilketa 09:00etan hasiko da, eta 12:00etan bukatu. Hondarribiarrak, irundarrak eta hendaiarrak haien hiriei dagokien ibai aldeaz arduratuko dira; urruñarrek eta biriatuarrek batera egingo dute lan Endarlatsa inguruan; lesakarrei eta Berako biztanleei haien herrietatik gertuen duten zatia dagokie. Irteera lekuen xehetasun guztiak elkartearen Instagram kontuan irakur daitezke.
Parte hartzeko recicla.birziklatu[abildua]gmail.com-era mezu bat bidali behar dute interesdunek. Haien Instagramera mezu bat idatziz edota udaletxeetan ere egin daiteke izen ematea. Boluntario bakoitzari zapi berde bat emango diote, eta derrigorrezkoa izango da jantzita eramatea.
Jasotako hondakinak Bil Ta Garbi eta Txinzer zerbitzuek kudeatuko dituzte. Etorbidearen zubian jasoko dute bildutakoa, eta ondoren boluntarioek sailkapena egingo dute. Horrela jakin ahalko dute inguru bakoitzean zer eta zenbat botatzen den. Piknika egingo da bukaeran ere Etorbidearen zubian bertan, eta jasotako plastikoekin “sorpresa bat” egingo duen talde bat egongo da.