[Elkarrizketa] «Merkatu bat baino gehiago, esperientzia bat sortu nahi dugu»
Bihar (larunbata) Katea Fest-aren lehenengo topaketa egingo dute. Bertan Hondarribiko, Gipuzkoako eta Iruñeko hemezortzi sortzailek parte hartuko dute. 12:00etan hasi eta 19:00etan bukatuko da.
Katea Fest, kultur eta ideien trukaketaz gain, komunitatea sortzea helburu duen iniziatiba da; sortzaileen eta artisten merkatu bat eratzea baino harago doana. Proiektu berezienak bezala, modu oso naturalean sortu zen. Nora Ferreira eta Julia Lasa ibilbide desberdinak eraman dituzten sortzaile eta artista hondarribiarrak dira, baina ezagutu bezain laster konektatu eta arima berezia duen proiektua sortu dute.
Nola ezagutu zineten?
Nora Ferreira: Betidanik vintage motako arropa denda bat izateko ametsa izan dut. Beno, arropa denda bat baino gehiago, sormenerako espazio bat eratu nahi nuen. Edonon mugimendua egotea nahi nuen. Jarduerak eta tailerrak irudikatzen nituen. Erosteko denda bat baino gehiago, egoteko leku bat sortu nahi nuen. Madrilen moda ikasketak egin eta hamar urteren ondoren Hondarribira bueltatu nintzen. Gipuzkoa plazako lokala ikusi nuenean, segituan, amesten nuen leku hura egi bihur zitekeela ikusi nuen. Denda zabaldu nuenean [Viv Vintage] merkatuak egiten hasi nintzen [sei sortzaileren arteko topaketa txikiak] eta bertan ezagutu nuen Julia [Lasa]. Ordura arte sareetatik soilik ezagutzen genuen elkar. Eta hor hasi zen dena.
Julia Lasa: Lehenengo merkatua egin zuenean kartela diseinatzeko laguntza eskaini nion [ilustrazioan espezializatutako diseinatzaile grafikoa da], eta nik diseinatu nuen ekitaldi horren kartela. Orduantxe hasi ginen eta ‘ea nola doakigun’ esan genion elkarri.
Argi izan zenuten hasieratik zer egin nahi zenuten?
N.F: Ez, ez genuen aldez aurretik prestatutako egitasmorik. Ezagutu ginenean oso ondo funtzionatzen genuela ikusi genuen, eta horri heldu genion. Viv Vintage dendaren barruan egiten genuena kalera atera zitekeela pentsatu genuen. Mahaiak besterik ez zitzaizkigun falta jendea parte hartzera gonbidatzeko.
J.L: Gure inguruko jendea biltzeko ideia genuen, gutxinaka artista eta sortzaile gehiago ezagutzeko eta jarduera ezberdinak egiteko intentzioarekin. Oso modu etxetiarrean eta eskura geneuzkan errekurtsoekin. Behin proiektua martxan jarrita, argi genuen ohiko merkatuetatik aldendu nahi genuela. Esperientzia bat sortu nahi dugu. Kulturaren eta ideien trukaketa izatea nahi dugu. Horrelako merkatuetatik jendea ezagutzea eta beraiengandik ikastea da politena.
Sei topaketa izango ditu Katea Fest-ak, eta dagoeneko jende pila bat aurkeztu zaizue. Indartsu dator merkatua, ezta?
N.F: Bai, oso indartsu. Ez genekien horrelako harrera izango zuenik.
J.L: 120 pertsona aurkeztu dira. Hasiera batean sortzaile bakoitzak bi egun izango zituela esan genuen, baina azkenean bakarra eman behar izan diegu. Jendearen interesa pizteko topaketa bakoitza ezberdina izatea nahi dugu.
Ze motatako sortzailek parte hartuko du merkatuan?
N.F: Gauzak sortzen dituztenek. Edozein sorkuntza mota izan daiteke eta ez dute zertan hortaz bizi behar. Zenbaitekiko zaletasuna dutenak eta elkarbanatu nahi duten sortzaileak ikusiko ditugu.
J.L: Normalean merkatuetan parte hartzen ez dutenengana iritsi nahi izan dugu.
Nori zuzenduta dago Katea Fest?
N.F: 30 urtetik 50 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Bereziki, espiritu gaztea dutenei. Artisau produktuak gehien kontsumitzen dituen adin tartea dela esango nuke. 20 urtekoak ere badaude, noski, eta ongi etorriak izango dira.
J.L: Kultura aintzat hartzen dutenei eta egun polit eta ezberdin bat pasa nahi dutenenei.
Sortzaileak zuen lana ezagutzera emateko ausartak izan behar zarete ezta?
N.F: Sortzaileak ez du gauza bakarra egiten. Disziplina askotan mugitzen gara. Kontzeptu bat eratzea ere sortzea da. Jendeari elkarlanean aritzea asko gustatzen zaio, baina sareen atzean ezkutatzen garenaren sentsazioa daukat.
J.L: Lotsarengatik, agian, askok ez dute beren lanak kalean aurkezteko pausua ematen. Horregatik, Katea Fest kontzeptua sortu genuenean langa hori hautsi nahi izan genuen.
Zer ematen dio zuetako bakoitzak proiektuari?
N.F: Esango nuke, proiektu baten atzean norbait egoteak, berdin du nor den, asko balio duela. Ezagutu daitekeen norbait egoteak ekitaldia fidagarriagoa egiten du. Gertukoagoa eta errealagoa. Jendeari nor zaren jakitea gustatzen zaio. Goxotasuna eta lasaitasuna ere gehitzen ditudala uste dut. Edozer behar dutela ere hemen gaudelaren lasaitasuna.
J.L: Sormenaren munduan nagoenetik sorbaldaren gainetik begiratzen duten pertsonak ikusi izan ditut. Eta nik zentzu horretan sortzaile bezala umiltasuna gehitu nahi izan diot honi. Azken finean, gure postua utzi eta beste sortzaileei espazio bat eman nahi izan diegu, eta hori, jendartera hurbiltzeko beste modu bat dela uste dut. Bestalde, diseinuaren esparrutik, sare sozialak eta ekitaldiaren diseinu grafikoa daramatzat. Estilo sinplea eta sortzaile denak identifikatzeko tankerako diseinua sortu nahi nuen.
Sortzaile zein artisten munduan lehiakortasun handia egon daiteke, baina zuek kontrakoa egin duzue, sinergiak batu eta elkar lagundu.
N.F: Batzea garrantzitsua da. Hiri handietan hierarkiak eta egoak daude, baina hemen espazio neutro bat sortu nahi dugu. Elkar errespetatu behar gara.
J.L: Bai, eta jeloskortasuna eta konparaketak ekidin behar ditugu, eta denak maila berean jarri behar gara. Ez gara aurkariak, guztiz kontrakoa, batu egin behar gara. Alde horretatik laguntza pila bat jasotzen ari gara, eta oso eskertuta gaude.
Hortik dator ‘Katea’ ezta? Denon baturatik.
J.L: Bai, azkenean denak zentzua zuen. Kateen plaza genuen [Gipuzkoa plaza] eta komunitatea sortzeko helburua genuen. Izena berehala atera zen.
Hilaren 4ean aurkezpen txiki bat egin zenuten. Zer nolako harrera izan zuen?
N.F: Izugarria izan zen. Kontzeptuari izena jarri izanak ere asko lagundu duela uste dugu. Jende ugari hurbildu zen Katea Fest zer zen ikustera.
J.L: Oso harrera ona izan zuen. Zoriontsu izan ginen.
Jendea zerekin geratzea gustatuko litzaizueke?
N.F: Batez ere egun polita pasatzea nahi genuke. Hortaz gain, jendeak merkatuei merezi duten garrantzia ematea nahiko genuke. Vintage arropa denda bat edo merkatu bat iragankorra dela uste dute, baina ez da horrela. Artista batek ez du zertan denda fisikoan saldu, merkatua bukatzean harekin kontaktuan jartzea eta deitzea posible dela erakutsi nahi dugu. Lanak erosten jarrai dezaketela, alegia.
J.L: Jendea ikastera etortzea nahi dugu. Artistari zuzenean galderak egitea, adibidez, lanekin bilatu nahi izan dutena edota bestelako galderak egitea. Azken batean interes kulturala egotea eta lagunak egitea.
Nola sentitzen zarete une honetan?
N.F: Urduri, baina gogotsu.
J.L: Berdin, ondo irtetea nahi baitugu.