[Erreportajea] Borroka gogoratzea, eta ez ospatzea
Alarde Parekideak 26 urte beteko ditu, bataila izan zenaren 500. urteurrena gogoratzen ari diren urte berean. Alardezaleak elkarteko Xabier Kerexeta urteurrenak ospatzeari buruz aritu da.
Gizarte garaikidearen ezaugarrietako bat da data biribilak ospatzea edo gogoan izatea. Baita urtebetetzeak ospatzea ere. Joan den mendean eta aurrekoetan jaiotakoek ez zioten hainbesteko garrantzirik ematen urteurrenei, alegia, nahikoa zuten zein urtetan jaio ziren jakitea historiaren zein momentutan bizi ziren konprenitzeko. Xabier Kerexeta Erro, Alardezaleak elkarteko kide izateaz gain, historialaria, etnografoa eta ahozko tradizioko mitoetan espezializatua da, eta denboraren kontzeptua beste gizarteetan «ziklikoa» zela adierazi du.
Aurten 500 urte beteko dira San Martzial Eguneko alardea interpretatzeko arrazoia den bataila gertatu zela. Irungo txoko askotan irakur daiteke zenbaki biribil eta handi hori, esate baterako, udal jai egitarauaren azalaren parte handi bat hartzen du zenbakiak. Kerexetak berretsi du «erabat asumituta» dagoela urte biribilak direnero horiek kontatzearena egun. Ildo horretan, galdetu du ea duela 100 urte urteurren bera nola ospatu zuten, ospatu baldin bazuten.
Alarde Parekideak urtero argitaratzen duen aldizkarian hausnarketa egin du 500 urte horiek aintzat izatearen gainean, eta gaur egun zifra horrekin zerbait aldarrikatu nahi izatea hautu ideologikotzat jo du elkarteak, Kerexetaren hitzetan. «Zifra hor dago, data hor dago, eta gertaera ere hortxe dago. Baina gaur egun zer egin nahi dugu horrekin? Hautu ideologiko bat da hori. Argi dago batzuentzat borroka dela muina eta horren bueltan egiten dute dena, eta Alarde Parekidearentzat hori aitzakia besterik ez da».
Bataila gertatu zenean, garaiko irundarrek gerra irabazteko San Martzial delako santuak babestu egin zituela pentsatzen zutela sinets daitekeela dio historialariak. Baina gaur egun, hori «Aita Santuak berak ere» ez duela sinesten uste du. Alegia, ‘Gora San Martzial!’ oihukatzen denean ez duela inork san- tua gogoan azaldu nahi izan du. «Sanferminak bezala da: ez dira gauza bera San Fermin pertsonai historikoa, eta sanferminak».
26. Urteurrena
Iaz, 25 urte bete zituen alarde publikoak, eta nahiz eta bataila izan aurtengo hilaren 30eko izenburu nagusia, azken 25 urteak gogoratzeak interes historiko ez anakronikoa eta askoz inportanteagoa izango duela azaldu du Kerexetak. «Guretzat argi dago garrantzitsuagoa dela azken 25 urteetan gertatutakoa. 20 urteak ospatu genituen, eta 25ak pandemia erdian izan ziren. 500 urteak ospatzen ditugu, baina ez borrokaldia ospatzeko, borroka gogoratzen jarraitzen dugulako baizik». Ospatzea eta oroitzapena egitea oso kontu desberdinak direla gaineratu du. «Ospatzea da zeinen kontent nagoen adieraztea hori gertatu delako, eta oroitzapena egitea da hori aitzakia moduan baliatzea». Bestalde, batailaren garaipena ez zirela hori izan eta hurrengo urtean gogoratzen hasi esan du: «Gertaera historiko baten garrantziaren pertzepzioa gerora dator».
Gainera, bi urteko geldialdia egon dela ere kontatu behar dela dio historialariak, gizartean gauzak aldatu egin direla uste baitu. Azken berrien arabera, udal gobernua osatzen duen Elkarrekin Podemos-IU koalizioak eskaera ofiziala egin du udalean udalak berriz alardea antola dezan, eta zerbait aldatzen ari denaren seinale nabarmena da hori. Izan ere, orain arte isilik egon da alardearekin zerikusia duen guztiarekin udala. Horrez gain, Kerexetak oroitarazi du azken bi urtean lege batzuk atera direla, baina sentsazioa du pausuak eman diren arren «mugitzen ez den kontu bakarra alardearena» dela. Ziur da Jose Antonio Santano alkateak noizbait Alarde Parekidearen eta udal gobernuaren zati batek egindako eskakizunei erantzunen bat eman beharko diola, baina noiz gertatuko den ezingo dela inoiz jakin aitortu du. «Berlingo harresia, zeinek esango, ia-ia aste batetik bestera erori zen. Noiz gertatuko den gurean? Ez dakit, baina horretarako prest eta gertu egon behar gara, eta horretan gabiltza».
Ez daude inoren esperoan
Aurrera egiteko, alkateak egingo duenaren esperoan ez direla zain izango argi dute berdintasuna bermatzen duen alardearen aldekoek. Hasieratik borrokatu moduan elkarbizitzaren alde egingo dutela aurtengoan ere esan du historialariak: «Elkarbizitzarako baldintza baldin bada emakumeek ez beste edonork ezin dutela parte hartu, elkarbizitza hori tranpatia da, eta guk jarraituko dugu aldarrikatzen alarde bakarra, publikoa eta denena». Etorkizunera begira ere jarri da historialari irundarra, eta noizbait alardea benetan publikoa bilakatuko balitz, eta udalak berriz ere antolatzearen ardura hartuko balu, ezin dela inor baztertzen duena izan ziur da. Eta denentzako izatearen alde desfilatzen jarraituko dute aurten, aurreko 25 ekainaren 30etan egin bezala.
Izan ere, berdintasuna du ardatz eta xede alarde parekideak, eta oraindik ez dela lortu dio Kerexetak. «Berdintasuna ez da lortu, bake soziala bai, eta emakumeen parte hartze handiagoa ere bai. Berdintasuna ez, hori beste gauza bat da».