Xoldokogaina eta Erlaitzeko tontorrak argiztatuko dituzte irundarrek
Pirinioetako Bidearen Irungo egitarauaren berri eman du Gure Eskuk. Uztailaren 2an argiztatuko dute mendikatea erabakitzeko eskubidearen alde.
Pirinioetako Bidea egitasmoaren barruko Irungo egitarauaren berri eman du Gure Eskuk. Irundarrei Erlaitz eta Xoldokogaina mendiak argiztatzea egokituko zaie uztailaren 2an (larunbata). Ekintzaren helburua mendikate osoa argiztatzea izango da Higer lurmuturretik Creusera, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Erlaitzera doazenak 18:30ean geratuko dira, Lapuriturriko informazio puntuan. Bertan, erromeria, janaria eta edaria eta “giro bikaina” izango direla aurreratu du Gure Eskuk. Xoldokogainara doazenentzat, berriz, 19:30ean jarri dute hitzordua Biriatuko parkinean. Bestalde, 21:30ean, ekitaldia egingo dute tontorrera igotzerik ez dutenei zuzenduta, Santiagoko bidegorriko Laien eskulturaren alboan. Toki “berezi” horretatik eskualdean argiztatuko diren tontorrak ikusteko parada izango dute.
Erlaitz nahiz Xoldokogaina argiztatzeko 200 lagun (ehun bakoitzean) beharko dituztela jakinarazi du Gure Eskuk. Argiztatzea 22:00etan izango da, baina denborarekin bertaratu behar da zehaztu du dena ondo antolatzeko. Jendeak frontalak eramango ditu argiztatzeko, eta antolakuntzak, gainera, 360 gradutan eta 40 km-ko distantzian argiztatzeko ahalmena duen bina farola eramango ditu. BDS Koopekin eta Antxeta Irratia batera egin da horien finantzazioa.
Lapuriturrin hainbat aparkaleko prestatuko dituzte, eta Erlaitzera 15 minutuko bidea dagoela azaldu du. Biriatuko aparkalekutik Xoldokogainara, berriz, ordubeteko bidea izango da: “Ez du zailtasun teknikorik, baina igoera maldatsua da”.
Izena ematea beharrezkoa
Gure Eskuk gogorarazi duenez, mendira igoko direnek aurretik izena eman behar dute gureesku.eus-en, gutxieneko partaide kopurua bermatu eta iniziatiba finantzatzeko. Izen emateak 10 euroko kostea izango du: 5 euro ekimena finantzatzeko eta beste 5 euro kide bakoitzari asegurua egiteko. Kamisetak ere salgai jarri ditu iniziatibak.
Euskal Herriko eta Kataluniako erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak elkarlanean ari dira jarduera hori antolatzen: Assemblea Nacional Catalana, Gure Esku eta Omnium. Euskal Herritarren egitekoa ehun gailur argiztatzea izango den arren, benetako erronka “burujabetza prozesu baterako herri gogoa piztea” izango dela zehaztu du Gure Eskuk, eta 200 herri aktibatzea.