'Jaietan, kontrolatu zeure burua' kanpaina martxan jarriko dute
Aisia eta gozamena bateragarriak direla sinetsita, udalak auzo elkarte eta Danok Bat ostalarien elkartearekin sentsibilizazio kanpaina jarri dute martxan.
Jaietan, kontrolatu zeure burua kanpaina jarri dute abian udalak, auzo elkarteek eta Danok Bat ostalaritza elkarteak, jaietan ohitura onak sustatzeko eta errespetuaren eta bizikidetzaren alde sentsibilizatzeko.
Cristina Laborda Udaltzaingoko ordezkariak esan du jende asko bilduko dela egun hauetan Irungo kaleetan eta “harri koxkorra” jarri nahi dutela “aisia eta gozamena atsedenerako eskubidearekin bateratzeko”. Kanpainaren leloa den mezua zabaltzea beharrezkoa dela adierazi du ordezkariak.
Jaien eragina nabarituko duten sektore guztiekin izan dira harremanetan, eta ordutegiak, zarataren ondorioak arintzea, gizalegea eta errespetuzko jokabideak zaintzearen beharraz aritu da udala haiekin. “Gure esku dago egun hauek alaitsuak izatea eta ondo pasatzea, aisialdia eta atsedenerako eskubidea bateragarri bihurtuta”, azaldu du udalak.
Espresuki jaietarako sortu dute piktograma bat zeinetan bizilagunak ez gogaitzea, paperontziak erabiltzea, neurriz edatea eta komun publikoak erabiltzea eskatzen den. Hala ere, mezu nagusia Jaiak errespetuz eta kartelak agertzen duen espirituaz gozatzen dira da eta hori dela funtsezkoena nabarmendu du Jose Barreiro Auzo Elkarteen Federazioko ordezkariak.
Bestalde, Danok Bat elkarteko Eneko Mitxelena presidenteak esan du ahal duten guztia egingo dutela, “baina dena ez dago ostalaritzaren mende, eta pazientzia izan behar da”. Dena hitz batean laburbiltzen dela dio Mitxelenak, “errespetua”.