Uztailaren 1ean sanferminetako lau eta erdiko partida bat jokatuko da
Uranzu pilotalekura itzuliko da pilota jaialdi klasikoa eta binakako partidaz gain, sanferminetako lau eta erdiko partida bat ere jokatuko dute.
Uztailaren 1ean, ohiko lez, pilota jaialdia egingo da Uranzu pilotalekuan. Aurtengo edizioaren aurkezpena egin dute gaur Borja Olazabal, Kirol ordezkariak eta Unai Iglesias, Baiko enpresako zuzendariak.
“Punta-puntako pilotariak” elkartuko direla baieztatu du Olazabalek, eta hala da, Peña II eta Albisu, Urrutikoetxea eta Imazen aurka lehiatuko baitira. Partida klasikoaz gain, nobedade bat egongo da, alegia, sanferminetako lau eta erdiko txapelketarako balio duen partida bat jokatuko dute Unai Laso eta Iñaki Artolak.
Sarrerak dagoeneko salgai daude esteka honetan 25 edota 30 euroren truke. Leihatilan ere erosteko aukera izango da jaialdia hasi baino ordubete lehenagotik.