Kontsumitzaileari Informatzeko Udal Bulegoaren balorazioa ona egin dute
100 erabiltzaileri egin diote inkesta, eta 4,6ko balorazioa jaso du zerbitzuak 5etik. Horrez gain, hitzaldiak antolatuko dituzte berriz.
Kontsumitzaileari Informatzeko Udal Bulegoak (KIUB) zerbitzua erabiltzen dutenen aldizka egiten dituen inkestaren datuen berri eman du. KIUB herritarrentzako “oso baliagarria” dela fakturei edota hornidurei buruz informatzeko uste du Rebeca Gonzalez ordezkariak.
Inkestaren asmoa zerbitzuaren kalitatea hobetzea da, eta horretarako, elkarrizketa bat egin diete telefonoz 100 erabiltzaileei. Ondorioztatu dute hiritarren artean “zerbitzua gero eta sendoagoa dela”, 5etik 4,6ko gogobetetasuna neurtu baitute. Orain arteko baloraziorik altuena dela jakinarazi dute.
Aholkularitza eta informazioa ematea da zerbitzurik ezagunena, inkesta egin dutenen %91 da horren jakitun. Gogobetetze mailari dagokionez, 4tik gorakoa da 0tik 5erako eskalan. Halaber, balorazio ona eman diote KIUBen arreta emateko kanalei, 4,9koa, hain zuzen ere.
Aurrez aurreko saioak
Berriz ere bueltan dira Kontsumobiderekin batera antolatzen dituzten kontsumoaren gaineko hitzaldiak eta prestakuntza ekintzak. Lehena, ekainaren 20an egingo da 18.00etan Palmera Monteron, eta adinekoei zuzendutako Nola gastatu modu eraginkorragoan etxean? saioa izango da.
Kontsumoaren alorrean jarraitu beharreko jarraibideak emango dituzte, “prezioen egungo igoeraren ondoriozko arazoei aurre egiten laguntzeko”. Agertzearekin nahikoa izango da, izena eman gabe.