Gipuzkoa plaza sortzailez eta artistez beteko da larunbatean
Nora Ferreira eta Julia Lasa sortzaile eta artista hondarribitarrak sortu duten proiektuak argia ikusiko du larunbat honetan (hilak 18). Katea Fest-aren lehenengo topaketa 12:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da.
Aste honetan emango diote hasiera Katea Fest ekimenari. Sortzaile eta artisten proiektu ezberdinen topaketa da eta lehenengo ekitaldia izango da honakoa. Guztira sei egingo dituzte eta Gipuzkoa plazan izango dira denak. Topaketa bakoitza guztiz ezberdina eta berezia izango da artista, sortzaile eta ilustratzaile ezberdinek parte hartuko baitute. Ekitaldia goizeko 12:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00etan emango diote amaiera.
Kateez inguraturiko plazan Miriam Loidi artista irundarraren ‘Salbamentu manta’ proiektuarekin hasiko dute topaketa (12:00etatik 14:00etara). Nahi duenak, oroitzapen edo esan nahi berezirenbat duen ohial zati bat eraman beharko du, eta ondoren, manta handi bati josteko. Era honetan “babestu, eta zainduko” dituen manta sortuko dute. Bertan parte hartzeko Loidirekin zuzenean kontaktuan jarri beharko da: mezu edo @loidimiriam instagram kontuaren bidez.
Ordu berean zabalduko da sortzaile eta artisten merkatua. Topaketa honetan, Hondarribiko, Gipuzkoako eta Iruñeako hemezortzi sortzailek parte hartuko dute. Bertan izango dira, Arrate Rodriguez ilustratzailea, Banaka zeramika, Maitom artista, Uxue Del Río ilustratzailea, Mr Laspiur 3D belarritakoen sortzailea, La guillotina estudio koadernaketa sortzaileak, Dan Feit artista, Amya P-rez ilustratzailea, Txatxala sortzailea, Belitz artista, Hartara Handmade sortzailea, Lolo Pelota sortzailea, Puochinah sortzailea, El BaÚl de Carry sortzailea, eta Tai Day Studio sortzailea.
Merkatua girotzeko, 17:30etan, Hondarribiko The Iiingles taldeak kontzertua eskainiko du.
Postuak Gipuzkoa plazako errepidean ezarriko dituzte. Salbamentu manta eta kontzertua, berriz, plazaren erdian egingo dira.
Proiektuak Hondarribiko Udalaren, Peccatoren eta Bidasoa Basque Breweryren babesa du.