Julen Aginagalde Bidasoa taldeko kirol zuzendari izango da
Jokalari moduan duen kontratua ere urtebete luzatuko du piboteak ere, eta Bidasoan hartuko du erretiroa, 2022-23 denboraldian.
Bidasoak klubeko kirol zuzendari izendatu du Julen Aginagalde. Irundarrak lan bikoitza izango du hemendik aurrera, jokalari moduan duen kontratua ere urtebetez luzatu baitu: 2022-23 denboraldian hartuko du erretiroa, eskubaloi profesionaleko ibilbidea hasi zuen toki berean.
Bidasoaren arabera, kirol zuzendaritzak Jacobo Cuetara lehen taldeko entrenatzailearen eta zuzendaritza batzordeko kirol arloko kideen artean orain artean betetzen zituzten eginkizunak bilduko ditu. Era berean, kirol zuzendaritzak kirol batzordearekin bat egingo du.
Azken hilabeteetan lan horiek egiten aritu da Aginagalde, baina orain iritsi da izendapena. Horrekin klubak kirol arloa sendotu nahi du epe laburrean, eta epe luzean, berriz, kirol-plangintza eta kirol antolaketa hobetzen laguntzea du helburu.
Bestalde, 24. denboraldia egingo du datorren urtean Bidasoarekin. Aginalgaldek iragarri duenez, azkena izango da. “Harro egoteko modukoa izango da nire etxeko eta hiriko klubean egin ahal izatea”. Kirol zuzendaritzari dagokionez, aurten prestatzen aritu dela eta datorren urteko denboraldian buru-belarri arituko dela adierazi du.
Gurutz Aginalgalde presidenteak, berriz, duela urte eta erdi kirol egitura indartzeko erabakia hartu zutela azaldu du: “Klubaren hazkundeak erabaki hori hartzera garamatza, hau da, kirol batzordearekin batera entrenatzailearekin eta zuzendaritzarekin lan egingo duen profil espezifiko bat hartzera, eta hori kirol zuzendari handi batekin egiten dugu, kanpoaldea eta etxea ezagutzen dituenarekin”.