Generoa haur literaturan izango dute hizpide zenbait argitaletxek
Berdintasunaren balioak haur literaturan zeintzuk diren mahai gaineratuko dute Alberdania, Elkar eta Pamiela-Kalandraka argitaletxeek.
Sustraietatik eraldatuz, berdintasuna errotzen hitzaldi zikloa bukatuko da datorren asteartean (hilak 21) Irungo CBA liburutegian, 19:00etan. Zenbait argitaletxetako ordezkariek mahai-ingurua egingo dute: Pamiela-Kalandrakako haur literaturako arduradun Carmen Elvira, Elkar argitaletxeko Olatz Osa eta Alberdania argitaletxeko Jorge Gimenez Bech izango dira hizlari lanetan.
Maiatzean hasi ziren ziklo honekin eta xedea haur literaturaren baitan generoaren gaia lantzeak duen garrantzia gizarteratzea da, “eztabaida eta kezka hau gizarteko zenbait esparrutara zabalduz”.
Hurrengo astekoan honako galdera hauei erantzuten saiatuko dira: “Nolakoak dira gauero lokartu aurretik haurrei irakurtzen dizkiegun ipuinak? Nola eragiten dute sortzen ari diren iruditegian? Eta nolakoak dira haur eta gazteek liburutegietan topatzen dituzten liburuak? Berdintasunari lotutako zein balio agertzen dira bertan?”.
Duela bi urte Pareanek ikerketa bat egin zuen haur eta gazte literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen ezagutzeko asmoz; Irungo Eguzkitza ikastexeko liburutegiarekin batera aritu ziren aztertzen eta ondorio “kezkagarriak” atera zituzten:
“Mutil protagonistak askoz gehiago dira (%62an), ipuinen idazleak gizonak dira nagusiki (%65an) eta istorioek sarriegi estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte… Aztertutako ipuinen %13an baino ez dira ageri emakumeak zaintzan ez den bestelako rol batean, eta lan egiten agertu direnean, gehientsuenetan irakasle edo dendari lanetan baino ez. Zaintzaren zama emakumeen esku ageri da liburu gehientsuenetan eta familia eredu tradizionala nagusi da oraindik, kultur aniztasuna batere ageri ez den gure haur literaturan”.