Kirolaz eta kulturaz bustitzeko Bikingo Eguna
Asteburu honetan (hilaren 18an) Bikingo Egunaren XIII. edizioa egingo dute Butroi pasealekuan. Ekitaldia FederArte Surfing Kultura zirkuituko lehenengo geldialdia da.
Stand Up Paddle (SUP) kirol bezala nahiko berria da. Taula baten gainean zutik jarri eta palaz lagunduta ahalik eta azkarren zirkuitu bat egitea da horren mamia. Hori da, hain zuzen, Hondarribiko Surf Eskolaren (HS2) espezialitatea. Urte osoan zehar haur, gazte zein helduentzako SUP, surf edo skate kurtso eta irteerak antolatzen dituzte. Udalekuak, ludotekak eta bestelako ekitaldiak ere bai.
Oraingoan Bikingo Eguna prestatu dute hilaren 18rako, eta orain arteko bereziena izango da, gainera. Gipuzkoako Surf Federazioarekin eta Hondarribiko Udalarekin elkarlanean antolatutako egunean, besteak beste, SUP lehiaketak (txiki, gazte zein helduentzako), SUP inklusiboa, tailerrak, FederArte Market eta kontzertuak egongo dira, goizeko eta arratsaldeko egitarauarekin.
Herritarrei irristatze kirolak zer ziren ezagutarazteko asmoz berrikuntzak egiten eta gauzak asmatzen hasi zirela azaldu du Iñaki Navascuesek, HS2 zentroaren zuzendariak, eta horrela sortu zen Bikingo Eguna. Lehenengo edizio hartatik Stand Up Paddlea kirol gisa asko handitu da, eta Hondarribiko Bikingo Eguna, bere horretan ere, handitzen joan dela nabarmendu du. Duela lau urte Gipuzkoako Surf Federazioarekin elkartzeko eta ekitaldi bateratua antolatzeko «zortea» izan zuten. «Urtero gero eta jende gehiagok parte hartzen du, eta beraz, balorazio positiboa egiten dugu», adierazi dute antolatzaileek.
Hondarribiko Surf Eskolaren azken xedea gozatzea, parte hartzea, inklusioa sustatzea eta familian kirola egitea da, eta horri estuki lotuta doa aurkeztu berri duten ekitaldia. Familia osoarentzako eguna izango da eta elkarrekin ondo pasatzeko aukera izango dute denek. «Haur bat ingurumen tailer batean parte hartzen edo surf skate egiten dagoen bitartean, haren aitak SUP txapelketan parte har dezake, adibidez». Bi urtez, pandemiaren ondorioz, Bikingo Eguna «oso mugatuta» egon zen, eta beraz, aurten, barre algarak, alaitasuna, kirola eta hori guztia kulturarekin nahastuta egitea dute helburu. Jardueretan parte hartzeko ez da zertan profesionala izan behar, «guztiz kontrakoa, guztiontzako eguna da».
Kirolaz, ingurumenaz, inklusioaz eta kulturaz gozatzeko eguna
SUPaz gain, HS2ren ezaugarrietako bat inklusioa da, eta urte osoan zehar sustatzen dute. SUPeratu programarekin elkarlanean aritzen dira, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako ekintza pertsonalizatuak antolatzen dituzte besteak beste, «nor bere helburuekin eta beharrekin». Eta nola ez, Bikingo Egunean SUP inklusibok bere tartea izango du. Miren Zabala SUPeratu programaren zuzendaria izango da ekintza honen arduraduna: «Gure helburua guztiontzako aukerak zabaltzea da, eta dibertsitate funtzionala dutenek urtean zehar errazago bizi ahal izatea nahi dugu».
Hortaz gain, kulturak eta ingurumenak ere garrantzia dute Bikingo Egunean. Orain arteko azoka handiena osatzeaz gain, Cyara Palenzuelaren, HS2ko begiraleen, Hondarribiko Saregileen Elkartearen eta Less Plastic klubaren eskutik tailerrak antolatu dituzte, eta egunarekin bukatzeko Kimho eta Pizky taldeek kontzertua eskainiko dute Uxoa tabernan (19:30ean).
Egitaraua eta izen ematea
11:00etan zabalduko da FederArte Merkatua Butroi pasealekuan. Ondoren, 11:40ean, Txiki SUP lehiaketaren parte hartzaileek (18 urtetik beherakoek) izango dute irteera. Gazte eta helduentzako SUP lehiaketa, berriz, 12:50an izango da surf skiarenarekin batera. Aurten, Euskadiko Kanoe Federazioarekin elkartu eta Munduko Padel SUP txapelketarako sailkatzeko balioko du. Sailkatzeko aukera izan nahi dutenek federazioarekin harremanetan jarri beharko dute: info@euskalkanoe.eus. Gainontzeko inskripzioak hs2@hs2.es helbide elektronikora idatzita egin beharko dira. 14:30ean, kirol bazkaria eskainiko dute, eta 16:30ean ekingo diete emakumeentzako surf skate jarduerari nahiz SUP inklusiboari.