Ezagutu zure hiria bildumaren lehenengo koadernoa aurkeztu dute
Ontzien eraikuntzaren inguruko datuak, bitxikeriak eta pasarteak biltzen dituen liburuxka da. Hondarribiko ontziolen historia eta ekoizpenaren bilakaera azaltzen dituena.
Gaur goizean, Arma Plaza Fundazioak Ezagutu zure hiria koadernoaren lehenengo alea aurkeztu du. Bertan izan dira Lourdes Odriozola koadernoaren idazlea, Inaxio Olaziregi liburuxkaren protagonistetako bat eta Txomin Sagarzazu Alkatea.
Alkateak azaldu duenez, aurten hamar urte betetzen dira Arma Plaza Fundazioak hainbat ekimen, aurkezpen eta txango antolatzen diharduenetik. Jarduera hauek, bereziki, Hondarribiko historia herritarren artean gizarteratzeko helburua dute. Ondoren, noski, bisitariei ahalik eta informazio gehien eta interesgarrien eskaintzea. Urteetan zehar jarduera horiek izan duten arrakasta ikusita, proposamen berri bat egiteko aukera ikusi zuten.
Era horretan sortu dute Ezagutu zure hiria bilduma. Proposamen berri honen lehenengo alearen egilea Lourdes Odriozola Historian doktorea da. Aurkezpenean azaldu duenez, hitzaldiak egiterakoan “hitzak airean geratzen dira” eta beraz kontaturiko guztia jasota geratzeko asmoz sortu dituzte koadernoak.
Odriozolak 1883 eta 2002 urte bitarteko Hondarribiko ontzi eraikuntzaren inguruko ikerketa egin du. Hondarribiko ontziolen historia eta ekoizpenaren bilakaera azalduz. Erronka handia zen, Hondarribiko historia modu entretenigarrian, argian eta arinean gizarteari aurkeztea. Horretarako, Luis Ruiz Padron marrazkilariaren laguntza izan du. Koadernoan historia ilustrazioekin tartekatu dute “irakurketa arina egiteko eta bertan azaltzen pasarteak irudikatzeko. Ordutik asko aldatu baita hiria eta batzuetan kokatzea zaila izan daiteke”.
Hondarribia aitzindari izan da Gipuzkoan poliesterrezko itsasontziak egiten eta horretan, Inaxio Olaziregiren familia izan da aitzindaria. Berritzaileak izan ziren eta Odriozolak beren lana goraipatu eta merezi duen balioa eman nahi izan dio ale honetan.
Beraz, Inaxio Olaziregiren eta haren seme, Lazaro Olaziregiren laguntza ezinbestekoa izan du idazleak. Era honetan, Hondarribiko ontzigintzaren historiaren funtsezko zenbait datu eta argazki eskuratu ahal izan ditu.
Liburuaren amaieran ibilbide bat proposatu du historialariak, 1883 eta 2002 urteetan Hondarribian izan ziren ontziolen kokalekua azaltzen duena.
Koaderno honek Hondarribiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamenturen laguntza izan du.