Jaiak jasangarriago izatea nahi du udalak
Erdigunean birziklatzekok hamar puntu jarriko dituzte, eta txosnetan 16.800 edalontzi berrerabilgarri banatuko dituzte.
Jaiak jasangarritasunez bizitzeko deia egin du Irungo Udalak. “Milaka irundar jaien zain daude, eta ondo pasatzeko unea da, baina ez dugu ahaztu behar gutako bakoitzak sanmartzial jasangarrien aldeko apustu honetan duen erantzukizuna”, adierazi du Borja Olazabal Ingurumen ordezkariak.
Norberak bere aldetik edalontzi berrerabilgarriak behar bezala erabili, bide publikoa zaindu, lurrera ezer ez bota eta hondakinak bereizteko puntuak erabili ditzakeela gogorarazi du.
Urdanibia plazan jarriko dituzten lau txosnetan 16.800 edalontzi berrerabilgarri jarriko dituzte. Euro baten truke egongo dira salgai. Nahi adina erabili ahal izango da edalontzia, eta berriro txosnan entregatutakoan, euroa berreskuratuko du erabiltzaileak. Jaiak amaitutakoan, Txingudiko
Zerbitzuak-ek edalontzi guztiak bilduko ditu, eta enpresa espezializatu batean garbituko ditu, beste jaiegun batzuetan erabiltzeko. Modu horretara, plastikozko edalontzien erabilera murriztu nahi dute sustatzaileek, udalak eta Txingudiko Zerbitzuak-ek.
Bestalde, birziklatzeko gune bereziak jarriko dituzte. Urdanibia plazan, esaterako, txosna bakoitzak berea izango du, beira, ontziak eta materia organikoa bereizteko. Ficoban ere hainbat puntu jarriko dituzte beira, ontzia, papera eta organikoa bereizteko, baita erdigunean ere.
Garbiketa indartu
Udalak garbiketa zerbitzua indartuko du egunotan. Hala, egun arrunt batean zerbitzuak 11.995 euroko kostua badu, jaiegunetan 14.635 eurora igoko da. Langileak brigadatan antolatuko dira, eta gehien zikintzen den guneetan ibiliko dira.
Edozein kasutan, herritarrei arduraz jokatzeko eskatu diete eta birziklatzeko: “Ez da garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik”.