Ondoeza emozionalak prebenitzeko programa
Emantik deitzen da emozioek sortzen dituzten ondoezei aurre egiteko martxan jarri duten programa. Hondarribiko hiru ikastetxeetako 3., 4., 5., eta 6. mailako ikasleekin landuko dute.
Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzua azarotik bili da prestaketa lanetan ikasle, irakasle eta guraso elkarteekin bilduz. Orain, hilabete horien guztien ondoren, Emantik programa martxan jarriko dute.
Hondarribiko hiru eskoletako lehen hezkuntzako 3., 4., 5., eta 6. mailako 800 ikasle inguruk parte hartuko dute.
Programak gazteen emozioek sor ditzaketen ondoezak prebenitzeko helburua du. Horretarako, bizimodu osasungarriak sustatu eta emozioen kudeaketa landuko dituzte, nerabeen artean harreman osasungarriak izan ditzaten.
Egunero oinarrizko zein emoziorekin identifikatzen diren adierazi beharko dute plataforma digitalean. Emozioak honakoak dira: poza, tristura, lasaitasuna, beldurra, amorrua eta nazka. Ondoren, bildutako datuak aztertu eta egoeraren diagnostikoa egingo dute.
Ikasleek bi urte arraro pasa ondoren “positibotzat” jo du Egoitz Alkarazek ikastetxe guztien izenean Emantik bezalako programa bat sustatzea.