Hondarribira bueltatuko da Gipuzkoako Traineru Txapelketa
Goizeko 11etan Hondarribiko hondartzan hasiko da Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Guztira 24 traineruk parte hartuko dute gizonezkoen, emakumezkoen eta beteranoen kategorietan.
38 urteren ondoren, igandean (hilak 12), Hondarribira bueltatuko da Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Guztira 24 traineru izango dira lehian eta 7 txanda egingo dituzte.
Gipuzkoako Arraun Federakuntzaren irizpideei jarraituz ez da ordezkarien bilera gauzatuko. Kaleen zozketa berriz larunbatean, GAFen egoitzan goizeko 11:00etan egingo dute.
Jose Miguel Elduayenek, Hondarribiko Arraun Elkarteko presidenteak aurreratu duenez egun aproposa izango da arraunerako “marea oso ondo dator, goiza guztia igotzen egongo da. Bajamarea goizeko 09:30ean izango da eta beraz, kaleak asko berdinduko dira”.
Duela bi urte, asanbladan, txapelketa uztailetik ekainera aldatzeko erabakia hartu zuten kluben ekimenez. Uztailean astean zehar izaten baitzen txapelketa eta beraz, bertaratzeko zailtasunak izaten zituzten kirolariek.
Txandak
Hondarribiko hondartzan goizeko 11:00etan, beteranoen estropadarekin emango diote hasiera. Hiru traineru arituko dira lehian: Badok 13, Fortuna eta Zumaia. Ondoren, 11:20etan, emakumezkoen lehia hasiko da. Hiru txanda egingo dituzte. Lehendabizikoan Zarautz eta Hernani irtengo dira. Bigarrenean Hondarribia, Hibaika eta Zumaia arituko dira. Eta azkenik, ohorezko txandan Euskotren Ligako lau traineruek hartuko dute irteera: Donostia Arraun Lagunak, Orio, Donostiarra eta Tolosaldea.
12:20etan gizonezkoen txanda izango da eta emakumezkoetan bezala hiru txanda izango dira. Lehenengoan Lapurdi, Mutriku, Hibaika eta Illunbe irtengo dira. Bigarren txandan, berriz, Zarautz, San Pedro, San Juan eta Zumaia. Azkenik, ohorezko txandan Hondarribia, Orio, Donostia eta Getaria arituko dira.
Arraunzaleak kai muturrera
Hondarribiko kai muturra zabalik egongo da txapelketaz gozatu nahi dutenentzako. Horren harira, Gipuzkoako Arraun Federazioko presidenteak, Elias Arruabarrenak “estropada egun ederra bizitzea espero” dutela azaldu du. Eta arraunzale guztiak Hondarribiko kai muturrera bertaratzera animatu nahi izan ditu.