Abian da 2022ko diru laguntzen deialdi orokorra
35 finantzaketa ildoetan banatu dituzte, eta laguntzetara 2.176.939 euro bideratu dituzte. Eskaerak Irungo Udalaren orrialdean egin behar dira.
2022ko diru laguntzen deialdi orokorrean sartutako laguntzak eska daitezke gaurtik (ekainak 9) aurrera uztailaren 9ra arte, hala jakinarazi du Irungo Udalak. Guztira 35 finantzaketa ildo landu dituzte, eta 2.176.939 euroko aurrekontua bideratu dute. Aurten ere diru laguntza guztiak deialdi bakar bateratu batean eman dituztela argitara, eta ez banan-banan adierazi du Miguel Angel Paez Hirigintzako ordezkariak.
Paezek adierazi du baliabideak “herritarrei hurbiltzea” dutela xede, “Irun Aurrera planarekin egiten ari garen bezalaxe, aurrera egiten jarraitzeko eta hiria ez gelditzeko”.
Denetariko laguntzak direla azaldu du ordezkariak, eta nabarmendu egin ditu irisgarritasunaren eta efizientzia energetikoaren alorreko laguntzak. “Milioi bat euroko aurrekontua dute etxebizitzetan eta establezimenduetan hobekuntzak egiteko, eta lagungarriak izango dira, halaber, lan horiek egiten dituzten enpresa txiki eta ertainentzat”.
Beste alorrak garatzekoetan ere arreta jarri dutela esan du, hala nola, arlo soziala, euskara, enpresa, merkataritza, garapenerako lankidetza, kultura, hezkuntza, kirola eta/edo auzoetako ekimenak, auzo-elkarteak.
Eskaerak egiteko betekizun eta dokumentu guztiak udalaren webgunean jaso dituzte, eta udalaren egoitza elektronikoan aurkez daitezke.