Leon Iruretagoiena alkate izandakoaren gorpua aberriratuko dute
Larunbat honetan Mexikotik Blaia hilerrira eramango dute bi agintaldiz Irungo alkatea izan zena. Haren hainbat senideren gorpuak ere ekarriko dituzte.
Leon Iruretagoiena, Irungo alkatea izandakoaren gorpuzkia Mexikotik Blaiako hilerrira eramango dute larunbat honetan, haren familiak hala erabakita. Halaber, bere emaztea zen Marie Salles hendaiarra, Juana Iruretagoiena Salles alaba eta Francisco Tomas Renteria suhiaren gorpuak ere aberriratuko dituzte.
Hilerrian, memoria ekitaldi bat antolatu du udalak 12:00etan, baina ekitaldi pribatua izango dela jakinarazi du Jose Antonio Santano alkateak. Udalaren ordezkaritza bat bertaratuko da, hala nola, alkatea bera eta Santi Jimenez Memoria Historikoko ordezkaria. Era berean, gonbita luzatu diete Nicolas Gerendiain eta Kepa Ordoki Memoria Historikoa taldeei.
Leon Iruretagoiena
Irungo alkate izan zen bi agintalditan, 1904tik 1909ra eta 1912tik 1920ra, eta gerraren ondoren atzerrira erbesteratu egin zen Monterreyn (Mexiko). Ideologikoki errepublikanoa zela azaldu du udalak eta politikan lehen kargu handia 1902an lortu zuen alkateorde izendatu zutenean. Hurrengo urtean, aktiboki Irungo Euskal Jaiak antolatzen aritu zela nabarmendu dute.
Lehen agintaldian kontserbadoreen adina boto eskuratu zituen Iruretagoienak eta zozketa bat egin ondoren bereganatu zuen alkatetza. “Etengabekoak ziren, garai hartan, errepublikanoen eta kontserbadoreen arteko liskarrak. Askotan, osoko bilkuretan alderdi bateko edo besteko zinegotziak bakarrik hartzen zuten parte, eta besteek hiriarentzako garrantzi handiko kontuak eztabaidatzeko bertaratzeari uko egiten zioten”.
Agintaldi hori amaitu zuenean eskuindarren fronte popularrak agintzen zuen udaletxean, eta berriz hauteskundeak egin zituztenean, berriz irabazi zuen 1920an. Urte horretan bertan Frantziako kontsulak Ohorezko Legioaren gurutzea entregatu zion, “Lehen Mundu Gerraren urte zailetan emandako zerbitzuagatik”.
Ohorezko alkate ere izendatu zuten 1932ko apirilaren 14an – Espainiako errepublikaren eguna da – eta urte berean Niceto Alcala Zamora Espainiako presidenteak Errepublikaren Ordenaren intsignia jarri zion.
Gerra hasi zenean egin zuen ihesi bere familiarekin. Lehenik suhiarengana Parisera, eta bertatik barkuz New Yorkera, Monterreyra iristeko 1939an. 84 urterekin hil zen uremia krisi baten ondorioz eta Mexikoko presidente zen Indalecio Prietok antolatu zuen haren hileta, eta Mexikon bizi ziren espainiar erbesteratu guztiak izan ziren bertan. Mexikoko Panteoi espainiarrean hobiratu zuten, eta Irunen kale bati haren izena jarri zitzaion 1983an.