Katuen hiri koloniak kudeatzeko kanpaina abian da
Hondarribiko Udalak Katuak elkartearekin batera antolatutako kanpaina da. Herrian zehar informazio panelak ezarri dituzte nondik norakoak ezagutzeko.
Hondarribiko Udalak, Katuak elkartearekin, katuen hiri koloniak kudeatzeko eta kontrolatzeko kanpaina berri bat abiarazi du. Udalak urteak daramatza Katuak elkartearekin elkarlanean.
Kanpaina berri honek helburu jakinak ditu; koloniak babestea eta kontrolatzea, errolda eguneratu bat sortzea, animalien ongizatea bermatzea eta gain populazioak sor ditzakeen arazoak saihestea.
Populazioa kontrolatzeko “metodo ez mingarria” erabiltzen dutela azaldu du Juan Luis Silanesek, Ingurumen zinegotziak. “Anestesiaz baliatuz katuak esterilizatu eta beren bizilekuan uzten dituzte berriro ere”. Prozesu horrek aldi berean katuak ezagutzeko eta identifikatzeko balio du. Bestalde, udalak, Katuak elkartearekin batera, kalean bizi diren katuak elikatzen dituzte. Hori dela eta, herritarrei janaririk ez emateko eskatu du Silanesek, bestela, gain populazioa kontrolatzea zailagoa bihurtzen baita.
Kudeaketa prozesuaren eta kontrolaren nondik norakoen berri emateko, herriko zenbait puntutan informazio panelak ezarri dituzte. Kostan, Sabino Aranak edo Higer faroaren inguruan, esaterako.