Itsas Etxea Auditoriuma dantzan jarriko dute
Herriko dantza eskolek beren urte osoko lanak erakutsiko dituzte hil honetan Itsas Etxea Auditoriumean. Sarrerak 3 euroan izango dira.
Ostiralean emango diote hasiera Dantzaburua 2022 jaialdiari. Urtero bezala, herriko dantza eskolek, urtean zehar landutakoak erakutsiko dituzte Itsas Etxea Auditoriumean.
Aurtengo edizioa Pilar Peña Dantza Eskolarekin hasiko da ostiralean, hilak 10 arratsaldeko 19:00etan. Hurrengo egunean (hilak 11) Gym Jazz Kuki Garcia Dantza Eskolak eskainiko du emanaldia, 17:00etan. Asteburua borobiltzeko, igandean, Carlos Zapirain Areto Dantza Eskolaren urte amaierako saioa izango da 18:30ean. Astebetera, hilaren 25ean 18:00etan, Amaiyuu Dantza Studio eskolarekin emango diote amaiera jaialdiari.
Hilaren 26an, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolaren emanaldia aurreikusita zegoen, baina agenda arazoak medio, bertan behera gelditu da.
Sarrerak 3 euroan eskuratu ahal izango dira kutxabanken webgunean, Arma Plazan eta Itsas Etxea Auditoriumean. Saioak hasi baino bi ordu lehenago ipiniko dituzte salgai.