"Orain arteko Bikingo Egunik bereziena" antolatu dute
Bikingo Eguna aurtengo 'FederArte Surfing Kultura' zirkuituko lehengo geldialdia izango da. Hilaren 18an Hondarribiko Butroi pasealekuan egingo da.
Covid 19aren “ekaitzaren” ondoren, ilusioz antolatu dute Bikingo Egunaren XIII. edizioa. Hondarribiko Udalaren, Gipuzkoako Surf Federazioaren eta Hondarribiko Surf Eskolaren (HS2) elkarlanez antolatutako eguna, ‘FederArte Surfing Kultura’ zirkuituko lehenengo geldialdia izango da. Urtero bezala, kirola, kultura, inklusioa eta jasangarritasuna uztartuz familia osoarentzako egitaraua prestatu dute.
Iñaki Navascuesek, HS2ren zuzendariak azaldu duenez, “orain arteko Bikingo Egunik bereziena” izango da.
Egunaren muina Stand Up Padel lehiaketa izango da. Aurten, gainera, berrikuntza batekin dator, Euskadiko Kanoe Federazioarekin elkarlanean aritu baitira. Hori dela eta SUP txapelketak Munduko Padel Sup txapelketarako sailkatzeko balioko du. Horrenbestez, sailkatzeko aukera izan nahi duen oro Euskadiko Kanoe Federazioarekin harremanetan jarri beharko da inskripzioa egiteko. Aldiz, aukera hori gabe amateur gisa parte hartu nahi duenak HS2rekin harremanetan jarri beharko du.
Horrez gain, Surf Ski, Txiki SUP eta SUP inklusiboa lehiak egongo dira. Azken hau, Miren Zabalaren, SUPeratu programaren zuzendariaren, eskutik izango da. HS2 urte osoan aritzen da SUPeratu programarekin elkarlanean. “Lehenik eta behin erabiltzaileen balorazioa egiten dugu, ondoren, helburuak zein diren galdetzen diegu, osasuna edo kirola duten esaterako, eta hori jakiterakoan ariketa espezifiko batzuk egin eta uretara irteten gara. Garrantzitsuena berentzako osasungarria dela eta elkarren artean asko komunikatu eta laguntzen dira” azaldu du Zabalak.
Lehiaketez gain kulturak ere garrantzia izango du Bikingo Egunean. Cyara Palenzuelaren, HS2ko begiraleen, Hondarribiko Saregileen Elkartearen eta Less Plastic klubaren eskutik tailerrak Yow Surf Skate edo ingurumen tailerrak egingo dituzte.
FederArte Merkatua “indartsu” datorrela azaldu du Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakariak. Eta oraindik ere parte hartzeko aukera dagoela azaldu du. Merkatuan federatuen produktuak saltzeaz gain, beren abileziak edo proposamen artistikoak aurkeztu ditzakete. Aurten, lehenengo aldiz, Bidasoko Artisau Elkarteak parte hartuko du “garrantzitsua da guretzako bertako elkarteek ekimenean parte hartzea”.
Arratsaldean goizeko lehiaketen sariak banatuko dituzte. Horren ondoren, 19:30etan kontzertuei hasiera emango diote, Kimho eta Pizky taldeen eskutik.