[Erreportajea] Itsasoarekin jositako bizitzak
Edurne Salaberria, Elena Sorondo, Ainhoa Iñarra eta Maitane Etxeberria saregileak, duintzeko bidean den itsasoko emakumeen lanaz harro daude. Ez lukete ezergatik aldatuko.
Arrantza kostako herrietako familia askoren sostengu izan da Euskal Herriko historian zehar. Gizartea modernizatzen ari da, eta lanbide tradizionalak egokitzeko eta bizirauteko esfortzu berezia egiten ari dira. Saregileen ogibidea multzo horretan dago.
Hamabost dira Hondarribiko Kai Berrian sareak josten dabiltzan emakumeak. Gazteenak 38 urte ditu, eta gainontzekoen batez bestekoa 50 urtekoa da. Itsasoari eta tradizioari estuki lotutako lana da, baina bokaziotik asko du ere. Lana gozamena da haientzat, saregileentzat. Haientzat ogibidea zer den azaltzerakoan pasioa azaleratzen eta begiek dir-dir diete. Ez dute beren burua beste ezertan lanean ikusten, ezta nahi ere. Ez lukete ezergatik aldatuko. «Ahalko banu, eta osasuna izango banu, lanean jarraituko nuke 70 urte bete arte, izugarri gustatzen zait», aipatu du Elena Sorondo hondarribiarrak. 35 urte daramatza saregile gisa jardunean. 12 urterekin ama laguntzeko aitaren barkuko arraina pisatzen hasi zen. Lanaz maitemindu eta urteak pasa ahala, gero eta ordu gehiago igarotzen zituen Hondarribiko lonjan. Etxeko barkuaz gain, beste bi ontziren arrainak pisatzen, paketatzen eta kamioietan sartzen aritzen zen. Ikasketak bukatu ondoren, saregile ogibidea probatu, eta ordutik gaur egunera arte bertan jarraitzen du.
Hondarribiko portuan lan egiten duten ia denek familia arrantzalea dute. Edurne Salaberria sanjuandarra da horietako bat. 20 urte daramatza saregile lanetan. 14 urterekin ikasi zuen ogibidea Pasai Donibaneko portuan. Haren aitak barku bat zuen eta txikitatik izan du itsasoarekin gertuko harremana. «Itsasoak bizitza eman dit. Haurtzaroa ontzi batean arraunean, igerian, edo sareak josten igaro nuen. Azkenean arrantza herri batean bizi zarenean eta etxean daukazunean itsasoari lotuta zaude beti».
Gutxinaka itsas sektorearen lan baldintzetan hobekuntzak egiten ari dira. Ogibidearen gogortasuna aintzatetsi eta apirilean Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren lege berria babestu zuen Espainiako senatuak. Saregileek lau urte lehenago hartu ahal izango lukete erretreta lege horren arabera. Honakoa «goxoki» bat dela onartu du Sorondok. Izan ere, saregile asko adinagatik erretretari begira daude jada. Ainhoa Iñarra hondarribiarrak 23 urte daramatza saregintzan: «Pixkanaka-pixkanaka gauzak hobetzen ari dira».
Hala eta guztiz ere, sektorearen etorkizunak kezkatzen ditu. «Urteak daramazkigu esaten hau amaitzen ari dela eta jendeak erretiroa hartuko duela. Baina beste aldera begiratzen dute», gaineratu du Salaberriak. Eskulana beharrezkoa da, ez baitago sarea josten duen ordezko aparailurik, nahiz eta duela zenbait urte horretan saiakera bat egin. «Aparailu bat ekarri ziguten zer iruditzen zitzaigun ikusteko, baina lardaskeria bat zen, ez zuen ezertarako balio». Eskuzko lana da saregileena eta erreleboa behar-beharrezkoa da.
Duela hiru urte ogibidea erakusteko tailerrak proposatu eta bi herritan gauzatu zituzten: Getarian eta Orion. Getarian oso emakume gutxi bertaratu ziren, eta horietako inork ez zion ofizioari eutsi. Orion, aldiz, bederatzi emakumek eman zuten izena tailerrean, eta hiru hasi ziren lanean. Haietatik gazteenak 48 urte zituen, beste biek, 52 eta 56 urte, «ez da arazoa konpontzen». Tailer horiez gain, Donostiako portuan, hiru hilean behin sare josketa kurtsoak antolatzen dituzte, baina aisialdi kutsukoak dira. Joan den larunbatean (maiatzak 28), Pasaia Itsas Festibalean, gaztetxoenentzako tailer bat eskaini zuten, eta izugarrizko arrakasta izan zuen, gainera. Horrelako ekintzek beren lana ezagutarazteko balio duela argi dute, baina sektorearen egoera hobetzeko beste zerbaiten beharra dute, «jende gaztea lanean hastea da nahi duguna».
Saregile asko erretiroa hartzen ari dira. Horri erantzuteko neurriak eskatu dituzte, haien ofizioa beharrezkoa baita
Lanaren aitortza ez da nahikoa. Saregile batzorde bat dute eta portu bakoitzeko bi ordezkarik osatzen dute taldea. Eusko Jaurlaritzari soldata minimo bat ezartzeko beharra azaldu diote behin baino gehiagotan, «baina oso zaila dela esaten digute». Saregile guztien egoera ez da berdina. Getarian, esaterako, ez dute Hondarribian bezala lan egiten. «Zenbait saregilek etxeko barkurako lan egiten dute. Horrek esan nahi du barku horren hileko irabazien ehuneko bat eskuratzen dutela, eta, horrez gain, sareak konpontzen badituzte aparteko diru sarrera eskuratzen dute». Hori dela-eta egoera horren kudeaketa egitea zaila dela azaldu diete jaurlaritzatik. Horrez gain, emakume bakoitzaren egoera pertsonala ere ezberdina da. Zenbaiten kasuan bananduta daudelako edo ezkongabe direlako ez dute bikotekidearen (askoren kasuan arrantzaleen) soldatarik jasotzen. «Urtean lau hilabete eta erdi eskupekorik jaso gabe egotea erraz esaten den zerbait da, baina gure errealitatea da». Otsaila edo martxoan hasi, eta maiatza-ekainera bitarte egiten dute lan.
Ainhoa Iñarraren aburuz ez da lan zaila, «baina gustatu behar zaizu eta edozein lanetan bezala ikasteko gogoa izan behar da». Sareak konpontzeaz gain sare berriak ere egiten dituzte, armadoreek eskatutako neurri eta tamaina zehatzetakoak. Urte askotako praktika behar da horretarako. Hala ere, behin ikasita «lana automatikoki» egiten dutela azaldu du Iñarrak.
Gazteak dira etorkizuna. Maitane Etxeberria hondarribiarrak 38 urte ditu. Duela lauzpabost urte hasi zen ogibidea ikasten. «Langabezian nengoen, eta izeba saregilea denez, probatzera animatu ninduen». Hondarribiko portuko gazteena da, eta beraz, bere gain izango du etorkizunean ogibidea erakusteko ardura. «Nahi bai, baina ez dakit hainbesterako lana egongo den», esan du kezkati, egungo gazteak ez baitira lan honekiko erakarriak sentitzen. «Alokairua eta beste zenbait ordainagiri ordaintzeko hilean soldata finkoa nahi dute, eta ulergarria da. Astelehenetik igandera lan egin dezaketela esaten diegunean atzera botatzen dira», gaineratu du Sorondok.
Saregileen arabera, gustuko izan behar da ofizioa bertan hasteko. Eskarmentua denborarekin hartu dute
Hala ere, saregileen lana bermatzeko arrantza ontziak egotea beharrezkoa da. Eta horretan ere arazoa dago. Armadoreek ere 50 urtetik gora dituzte, erretiroa gertu dute. Hamar urtera egun dauden barkuen erdia desagertuko dela uste du Sorondok.
Eguneroko lana
Egunerokotasunean itxarotera ohitu dira jada. Aurreko egunera arte ez dute jakiten lana izango duten ala ez. «Dena prest eduki behar duzu, bazkaria prest, inolako planik egin ez, edo ordezko planak pentsatuta. Edozein momentutan dei gaitzakete lanera joateko». Hala ere, ezjakintasuna ondo daramatela diote denek.
Beste portuetan ere lan egiten dute. Laguntzera joan ohi izan dira, eta gero eta gehiagotan egiten dute hori gainera. «Zenbat eta saregile gehiagok erretreta hartu, orduan eta laguntza gehiago behar da».
Bestalde, lanaren nolabaiteko jaitsiera jasan dute azken urteetan. «Barkuak hobeagoak dira eta teknologiak asko lagundu du. Sareak ere lehen baino sendoagoak eta lodiagoak dira, eta ez dira hainbeste puskatzen» azaldu du.
Presioari dagokionez nor bere buruak ipintzen diona izaten dutela diote. Hondarribian leku itxian egiten dute lan, baina Getarian barkuaren ondoan aritzen dira eta arrantzaleak begira izaten dituzte lana noiz bukatuko zain. «Nahi gabe azkarrago lan egiten saiatzen zara, eta aldi berean polita da adrenalina hori», dio Salaberriak.
Beren lanetik zailena pitzadura non dagoen jakitea dela azaldu dute. Arrantzaleek sarea jasotzen dutenean haustura non dagoen ikusi eta ondoren, gutxi gorabeherako neurri eta kokagune bat azaltzen diete saregileei. Behin sarea aladoretik aterata puskatutako zatia lurrean jarri eta gainontzekoa albo batean metatzen dute.
Hondarribiko portuan saregile denek batera lan egiten dute. Denek sare bera konpontzen jarduten dute eta barkuen sareak iritsiera hurrenkeraren arabera konpontzen dituzte.
Bitxikeriak
Barku bakoitzak bi sare handi (antxoa harrapatzeko) eta bi txiki izaten ditu normalean. Zenbaitek gehiago ere izaten dituzte. «Normalean sare bat izaten dute gustukoen, trikimailua hartuta. Beraz, bakarrarekin saiatzen dira arrantzan».
Sareak oso handiak dira eta portuan lurrean pilatuta ikusten den sare multzoa, sare bakarra izaten da. «Askotan galdatzen didate: ‘Zenbat sare daude?’. Harritu egiten dira bakarra denean esaten diedanean», azaldu du Salaberriak. Duela urte batzuk kotoizko sareekin arrantzatzen zuten. Herdoila saihesteko, ur gezetan pasa eta tindatu egiten zituzten. Hondarribian zehar egurrezko makilak izaten ziren eta sareak lehortzen jartzeko erabiltzen ziren. Euria hasi bezain laster sareak jaso behar zituzten ezin baitziren bustita gorde. Egun poliesterrez egindakoak dira.
Garai haietan ere, arrantzaleek irratiko frekuentzia batetik kode berezia erabiliz arrantzatutako kilo kopuruaren berri ematen zuten. Frekuentzia hori herritar guztiek entzun zezaketen, baita gainontzeko barkuetako marinelek ere. Kode horri esker etxekoei arrantzatutakoaren berri ematen zieten. «Seme-alaben izenak erabiltzen zituzten horretarako. Adibidez: ‘Jaionek baino bi gehiago’ esan zezaketen. Demagun Jaionek hamabost urte zituela. Hamabost gehi bi, 17.000 kilo ekar zitzaketen».