[Galeria] Ohiko Bioterra bueltatu da
Pandemiak eragindako bi urteren ondoren, ohiko formatuarekin itzuli da azoka. Ingurumenak lehen planoan jarri den garai honetan Bioterraren garrantzia nabarmendu dute.
Betiko itxura hartu du aurten Bioterrak: askotariko postuak, produktuak dastatzeko aukera, Bioterraza kanpoaldean. Bi urteren ondoren, pandemiak baldintzatu gabeko lehen Bioterra izan da. Produktu ekologiko, bioeraikuntza, energia jasangarri eta kontsumo arduratsuaren azokako ateak irekita egongo dira igandera arte.
Egunotan bisitariek aukera izango dute Ficobako hiru pabiloietan dauden 116 postu bisitatzeko, baita tailerretan, yoga saioan, sukaldaritza saioetan eta hitzaldietan parte hartzeko ere.
Gaur goizean egin dute inaugurazio ofiziala, eta bertan izan dira Jose Antonio Santano Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko presidentea, Monica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria eta Iñigo Ansola EEE Euskal Energia Erakundeko zuzendaria.
Santanok 20. urteurrenera hurbiltzen ari direla esan du, eta duela 19 urte, Ficoba ireki berritan eduki zuten etorkizun sena nabarmendu du: “Orduan inork ez zuen jasangarritasunaz hitz egiten, eta antolakuntzan izan zuen ikuspegia kontuan hartu behar da”. Bioterra Ficobako azokarik garrantzitsuenetako bat dela adierazi du, eta azokak izaten duen arrakasta erakustazoka handitzeko arrazoietako bat.
Pedreirak, berriz, ingurumena zaintzea norberarengatik hasten dela adierazi du, eta bisitariek norberak bere harri koskorra jartzeko zein aukera dituen ezagutu ahal izango dituztela.
Azkenik, Ansolak egungo energia krisiari egin dio aipamena, eta bisitariek euren etxeetan bioeraikuntza eta energia berriztagarriak ezartzeko dituzten aukeren berri jasoko dutela.
Hitzaldiaren amaieran, aitortza egin diete azken 10 urteetan azokan hutsik egin ez duten hiru erakusketariri: Arkmonia, Etxezahar Rehabilitaciones eta Goiener.