Osasun Bidasoa: "Beldur gara ez ote den berriro gertatuko aurrekoetan gertatu dena"
Apirilaren 12an prentsan bloke kirurgikoaren proiektua geldiariko zutela jakinarazi ondorenetik Bidasoa Ospitaleko zuzendaritza ez da oraindik langileekin bildu.
Osasun Bidasoa plataformak argi du: borroka ez da amaitu. Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoaren proiektua gelditu dela jakin ondotik, herritarrak poztu eta lasaitu egin direla adierazi du plataformak, baina oraindik lan handia dagoela egiteko gogorarazi du; hala nola, proiektu berriaren idazketan parte hartzea. “Beldur gara ez ote den berriro gertatutako aurreko proiektuarekin gertatutakoa”. Alegia, egoera denboran luzatu, osatutako proiektu bat mahai gainean jarri eta gero hori nahikoa ez izatea.
Gaur goizean agerraldia egin du plataformak, eta bertan parte hartu dute Maria Jesus Alfonso Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelako erizainak eta Manel Ferran Irun Erdialdeko Lehen Mailako Arreta Unitateko buruak. Plataforma Iñaki Arzak eta Kontxi Zabalak ordezkatuta egon da.
Alfonso eta Ferranek egun ospitalean nahiz lehen arretan dituzten egoeraz ohartarazi dute. Alfonsoren esanetan, apirilaren 12an proiektua geldiaraziko zela prentsaren bidez jakin ondotik, ez dute proiektuaren gaineko berririk jaso. “Bi hilabete pasatu dira, eta ospitaleko zuzendaritza ez da gurekin harremanetan jarri”, adierazi du Alfonsok.
Egun, Ladron de Guevarak ospitaleko gerentzia utzi ondoren, oraindik ez dago ordezkorik, behin-behineko ospitaleko gerente Ladron de Guevarak kargua utzi duela azaldu du, baina aitzakiatzat jo du egoera, “kirurgia blokea dagoeneko zehazten ari beharko litzateke”.
Bloke kirurgikoaren egitasmoaz gain, ospitalean beste zenbait arazo dituztela jakinarazi du, besteak beste, kontratazioari dagokionez, beste ospitaleetara lekualdatzen ari baitira profesionalak, “kontratu txarrengatik”. Itxaron zerrendak ere geroz eta luzeagoak direla azaldu du, “askotan pazienteek medikuntza pribatura jo behar izaten dute. Hori da Osakidetzaren politika berria?”, galdetu du.
Beste behin, ospitaleak eraikin gehigarri bat behar duela eskatu du kirurgia erizainak, populazioaren beharrak asetuko dituena, baita espazioaren tamaina eta antolaketari dagokionez ere. “Ez ditugu beste 10 urte igaro nahi, eta Osakidetzari eskatu nahi diogu has dadila lanean”.
Paziente gehien artatzen dituen anbulatorioa
Irun erdiguneko anbulatorioa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan paziente gehien dituena. Eskualde osoan 87.000tik gora herritar artatzen dira, eta horietatik 38.300 Irun erdigunean. 49 mediku eta 50 erizain ditu, eta bakoitzak 1.550 herritarrei ematen die arreta; horrez gain, 12 pediatra eta 10 pediatria erizain ditu. Lan karga areagotzeko, oporraldietan ez dela ordezkapenik egiten azaldu du Ferranek.
Espazioa ere txikia eta zaharkitua geratu dela iritzi dio, eta horren haritik, gogora ekarri du hirugarren anbulatorioaren proiektua mahai gainean dagoela aspalditik.
Itxaron zerrendak ere asko luzatu dira: “maiatzaren 31n, sei hilabete baino gehiago behar dira, traumatologiako kontsulta baterako; 125 egun urologiarako; 125 egun ekografia bat egiteko; 115 dermatologiarako eta 85 egun oftalmologiarako”. Zentzu horretan, hirugarren osasun zentroa eraiki eta profesionalen kopurua handitzea eskatu du”.
Herritarrengana ere zuzendu dira plataformako kideak, eta ostiraletan 14:00etan egiten duten elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu dituzte.