Kreditu aldaketan "baiezko kritikoa" eman zuela dio EH Bilduk
Koalizioaren zuzenketek proiektua "aberastu" dutela baloratu dute, eta onartutako proposamenen nondik norakoak azaldu dituzte.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2022/03/eh-bilduko-zinegotziak.jpg)
Pasa den ostiralean 14 milioi euroko kreditu aldaketa onartu zuten Irungo Udalean eta EH Bilduk horren gaineko balorazioa egin du. “Argi genuen hain kopuru handiko kreditu aldaketa batek Irunen dauden beharrei erantzuna ematen lagundu behar zuela”.
Baiezko “kritikoa” eman izana adierazi du koalizioak, ez delako haiek nahi duten kreditu aldaketa. Hurrengo kreditu aldaketa eta aurrekontuetan egungo krisi sozialari “benetako neurri sozialekin erantzutea” espero dute.
Abertzaleek haien zuzenketek proiektua “aberastu” dutela eta irundarren ongizatean “eragin positiboa” izango dutela ziur daude. “Hainbat zuzenketa onartu zitzaizkigun, konpromiso argi batzuk lortu genituen eta hainbat eztabaida mahaigaineratzeko aukera izan genuen” gogorarazi dute.
Erabilera sozialerako etxebizitzak erosi eta egokituko dituztela nabarmendu nahi izan du EH Bilduk, beraien ekimenez egingo baita. “Hirian dauden etxegabetzeei aurre egiteko beharrezko neurria da”.
Kreditu aldaketa hauetan kirola izan dela ardatzetako bat azaldu dute. Ur bizietako praktikarako San Migelen dagoen eraikinean eta Plaiaundiko kirol instalazioetan hobekuntzak egingo dituzte koalizioaren zuzenketen ondorioz. Horrez gain, zuzenketa hau baliatu dute Irungo taldeek eta norbanakoek kirola egiteko espazioen beharra dutela agerian uzteko. ” Erabilera anitzeko pabiloia mahai gainean jarriz”.
Kooperatibismoa eta ekonomia soziala bultzatzeko plan estrategiko bat egitea onartu zen ere EH Bilduren ekimenez. Bestetik, “auzoei bizitza” emateko neurriak proposatu dituzte ere, eta “auzoetako kultur eskaintza handituko da”.
Kreditu aldaketan ere aintzat hartu dute garraioari dagokion abertzaleen zuzenketa zeinetan gautxori zerbitzua eta Donostiako unibertsitatera doazen autobusen maiztasuna handitzeko lanketa egingo duten.
Gaurtik aurrera ere lanean jarraituko dutela “herri bezala aurrera egiteko eta irundarron ongizatean eragiteko neurriak bultzatzen” adierazi dute azkenik.