‘Hondarribia bidez-bide’ zerbitzua martxan jarriko dute
Datorren astelehenetik aurrera, urruti bizi diren adinekoentzako edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzako, doako garraio zerbitzua ezarriko dute.
Behemendi elkarteak, udalarekin elkarlanean, oinarrizko beharretarako doako garraio zerbitzua abian jarriko du datorren astelehenetik aurrera. “Ikerketa bat egin ondoren beharra zegoela ikusi genuen” eta horri erantzuteko ‘Hondarribia bidez-bide’ zerbitzua prestatu dute. Doakoa izango da eta joan-etorrirako erabili ahal izango dute.
Garraio eta akonpainamendu zerbitzua, urruti edo landa eremuan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonei zein mugikortasun murriztua duten pertsonei zuzendua dago. Besteak beste, Mendelu, Amute, Arkolla, Akartegi, Montaña, Jaizubia edo Zimizarga auzoetan bizi diren pertsonei eskainitako zerbitzua izango da. Mugikortasun murriztua duten pertsonen kasuan, adin guztietako pertsonei zuzenduta egongo da.
Programa honek honako helburua du: isolamendu geografikoa eta fisikoa, zein isolamendu pertsonala eta soziala murrizteko, adineko pertsonei oinarrizko zerbitzuetara hurbiltzeko (beste pertsonekiko menpe egotea saihestuz) eta mugikortasuna erraztuz pertsonen osasuna bermatzeko helburua.
Beste zenbait herritan, hala nola, Irunen, Oiartzunen, Lezon, Pasaian, Hernanin, edo Andoainen, arrakasta izan duen zerbitzua da. Horrenbestez, Hondarribian ere “arrakasta izatea espero” dutela azaldu du Gotzone Larrartek, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak .
Furgonetak 9 pertsonentzako lekua izango du, mugikortasun murriztua duen pertsona batentzako lekuaz gain. Hiriko edozein zerbitzutara iristeko balioko du. Besteak beste, “BAZ-era, liburutegira, hirigintzara, kiroldegira, anbulategira edo Bidasoko Ospitalera hurbiltzeko” zerbitzua izango da.
Karmele Manterola izango da zerbitzuaren gidaria, bai eta erabiltzaileak igotzen, jaisten eta kokatzen lagunduko dituena. Mikel Zendoiak adierazi duenez, 24 ordu lehenago deitu behar da (611721959 telefonora) zerbitzua eskatzeko, era honetan, “Karmelek antolatzeko astia” izango du.
Datorren astelehenetik, hilaren 6tik uztailera jarriko dute martxan ‘Hondarribia bidez-bide’. Abuztuan zerbitzua eten egingo dute eta irailaren 1n berabiaraziko da. Goizeko zerbitzua izango da eta honako ordutegia izango du: 08:00etatik 13:00etara bitarte. Honezkero hainbat elkarteekin bildu dira eta “ontzat” hartu dute zerbitzua. Azkenik, Hondarribitarrak zerbitzua erabiltzera animatu dituzte Behemendi elkarteko kideek.