Lehen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa Irunen egingo da abuztuan
Bost probaz gozatzeko aukera izango dute herri kirolen zaleek: harri jasotzea, giza proba, aizkora, txingak eta korrika.
I. Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa egingo da abuztuaren 7an Urdanibia plazan. Horren berri eman du gaur udaleko Kirol Arloak. Lehenbiziko aldia da Gipuzkoan txapelketa hau ofizialki antolatzen dena, eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak antolakuntzan lagunduko du.
Bost proba edukiko ditu lehiak: harri jasotzea, giza proba, aizkora, txingak eta korrika. Harri jasotzaileek hogei altxaldi egin beharko dizkiote 100 kg-ko harri biribilari; giza probakoak bi plaza egingo dituzte 400 kg-ko harriari tiraka, plaza bakoitza 24 metrokoa izango da; aizkolariek 45 ontzatako bi enbor eta 54 ontzako bat moztu beharko dute; txingak eramango dituztenek lau plaza egingo dituzte 50 kg-ko txingekin; korrikalariek 2 km egingo dituzte korri.