Bidasoa ibaia garbitzeko garbiketa masiboa ekainaren 18an
Bidasoko zazpi udaletxeak batu egin dira dei honetara, eta uretatik nahiz ibaiertzetik Bidasoa garbituko dute. Izena eman daiteke jada.
Irun, Hondarribia, Hendaia, Urruña, Biriatu, Bera eta Lesakako Udalak, Bidasoa ibaia garbitzeko Recicla Birziklatu elkartearen deira atxiki dira. Ekainaren 18ean egingo da garbiketa masiboa, eta, oinez, kayakean, edota uretako beste garraiobide batean parte hartu ahal izango da.
2021ean Biriatuko udaletxearekin Bidasoa garbitzeko garbiketa saio bat egin zuen elkarteak eta proposatu zieten urrunago joatea eta handiagoa egitea. Hortik dator Bidasoko zazpi udaletxeen batura. “Hondakinek ez dituzte mugarik. Hegoalde eta Iparraldea batu nahi izan ditugu ekintza honekin. Indarrak lotu eta zentzu berean arraun egitea da asmoa” dio Recicla Birziklatuko kide den Laida Rodriguezek.
Antolakuntza galanta izan dela azaldu du antolatzaileak, eta ibaira sartzeko kayak eta stand up paddleak eskualdeko enpresek utziko dizkietela azaldu du Gorka Alcantarilla elkarteko kideak. “Enpresek utziko dute doan. 100 pertsonentzako plazak eskainiko ditugu baina ontzia duenak berea ere eraman dezake”.
Zabor bilketa 09:00etan hasiko da eta 12:00etan bukatu. Hondarribiarrak, irundarrak eta hendaiarrak beraien hiriei dagokien ibai aldeaz arduratuko dira; urruñarrek eta biriatuarrek batera egingo dute lan Endarlatsa inguruan; lesakarrak eta beratarrak beraien herrietatik gertuen duten zatia dagokie. Irteera lekuen xehetasun guztiak recicla_birziklatu elkartearen instagramean irakur daitezke.
Bidasoa ibaiaren Nafarroako aldean soilik plastikozkoak ez diren kayak eta paddle surf taulak sartzen utziko dituztela adierazi dute antolatzaileek, “arroka asko daudelako”. Irun eta Hondarribian, aldiz, edozein ontzietan ahalko da egin garbiketa.
Parte hartzeko izena eman behar mezu bat bidalita elkarteari, beraien instagramera mezu bat idatziz, Bioterrara gerturatuta edota udaletxeetan. Boluntario bakoitzari zapi berde bat emango diete eta derrigorrezkoa izango da jantzita eramatea.
Elkarteak garbiketak disfrutatzeko antolatzen dituela adierazi du Rodriguezek eta ez bakarrik hondakinak jaso, poltsa batean gorde eta etxera joateko. “Eremu naturalaz disfrutatzea ere nahi dugu”.
Hondakinak Bil Ta Garbi eta Txinzer zerbitzuek kudeatuko dituzte. Etorbidearen zubian bilduko dute garbitutakoa, eta, ondoren, boluntarioek, sailkapena egingo dute eta jakin ahalko dute inguru bakoitzean zer eta zenbat botatzen den. Piknika egingo da amaieran ere Etorbidearen zubian eta jasotako plastikoekin zerbait egingo duen talde bat egongo da.
Recicla Birziklatu elkartea
Recicla birziklatu 2019ean sortutako elkarte bat da. Beraien kabuz zakarra jasotzen hasi ziren eta topatu zirenean eta ikusi zutenean gauza berdina egiten genuela batzea erabaki zuten. Hondartza eta itsasoaren bueltan egiten dute lan. Ekintza desberdin asko egiten dituztela adierazi du Rodriguezek.