[Galeria] Bizilagunak euren etxeetara bueltatu ahal izango dira goizean zehar
Gaua udal baliabideetan pasatu dute 5 bizilagunek. Eraikina egoera onean dago, eta bakarrik kalteak sutea piztu den etxebizitzak jasan ditu.
Bost bizilagunek udalaren baliabideetan pasatu dute gaua, bart Casto Cantero kaleko 4. zenbakian piztutako sutea dela eta. Goizean zehar, ordea, euren etxebizitzetara bueltatzeko moduan izango direla jakinarazi du Cristina Laborda Udaltzaingoaren ordezkariak. Sutea piztu den etxebizitzan bizi direnak —lehen pisuan piztu da—, ordea, ezin izango dira oraindik bueltatu.
Goizeko lehen orduan udal arkitektu eta teknikariak sutea piztutako tokian izan dira kalteak neurtzen, eta, eraikinak ez duela egiturazko kalterik jasan ondorioztatu dute, bakarrik sua piztu den lehen pisuko etxebizitzak. Zantzu guztien arabera, sutea egongelan piztu da, eta bakarrik gela horrek izango lituzke kalte larriak, Labordaren arabera, gainontzekoak belztuta bakarrik daude. Oraindik sutea zerk piztu duen ikertzen ari dira.
Gaur goizean, sutearen gaineko xehetasunak eman ditu udal ordezkariak, gertakariaren tokian bertan. Ohiko zaintza egiten ari zen Udaltzaingoaren patrulla batek Casto Cantero kaleko etxebizitza batetik kea eta sugarrak irteten ikusi dituela azaldu du, eta Ertzaintza eta suhiltzaileei abisua pasatu dietela. Unean bertan laguntza eske zegoen bizilagun bati etxetik irteten lagundu diote ere.
Ertzainek 4. zenbakiko bizilagunak nahiz inguruko etxebizitzetakoak etxetik aterarazi dituzte, hain justu, 2, 6 eta 8 zenbakietakoak; guztira, 50 lagun.
Larrialdi zerbitzuak ere bertaratu dira, eta, guztira, 11 lagun artatu dituzte, kea arnasteagatik guztiak. Hasiera batean, bost lagun eraman dituzte ospitalera, eta une honetan, bik jarraitzen dute ingresatuta, kea arnasteagatik.
Suhiltzaileek sua itzalitakoan, 2, 6 eta 8 zenbakietako bizilagunak euren etxeetara bueltatu ahal izan dira, eta bost bizilagun eraman dituzte udalaren baliabideetara.
Labordak eskerrak eman dizkie Udaltzaingo, Ertzaintza, suhiltzaile eta larrialdi zerbitzuei erantzun azkarragatik, eta horri esker kalte larririk ez dela izan esan du, batik bat, kalte pertsonalei dagokienez.