Erdi aroko jakiak pintxo erara
XIII. Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa ekainaren 3tik 10era bitarte egingo dute eta Hondarribiko sei tabernek sortutako pintxoak dastatzeko aukera egongo da.
Gaur goizean Santa Maria atean aurkeztu dute Erdi Aroko Pintxo Lehiaketaren XIII. edizioa. Hilaren 3tik 10era bitarte izango da, Hondarribiko sei tabernen pintxoak dastatzeko aukera. Aurtengo edizioan Larra, Tatapas, Andire, Mika, Rafa eta Gran Sol tabernek parte hartuko dute.
Hainbat sari egongo dira. Alde batetik, sari profesionala egongo da non hiru sukaldarik osatutako epaimahaiak pintxo onena hautatuko duen. Iker Gallego, Horixe pizzeriako sukaldaria izango da epaimahaikideetako bat “erdi aroko produktuak errespetatuz pintxorik goxoena osatzen duena bilatuko dugu”. Irabazleak, urrian Marvaon (Portugalen) egingo den XIII. Pintxo eta Tapen Nazioarteko Lehiaketan Hondarribia ordezkatuko du.
Bestalde, herritarrek beren pintxo gustokoena saritzeko aukera izango dute. Bozkatzeko hiru pintxo dastatu beharko dituzte gutxienez. Antolakuntzak banatuko duen orria bete eta era horretan pintxo popularra aukeratuko dute. Parte hartzaile guztien artean Laguardian (Arabar Errioxan) asteburu bat pasatzeko saria zozketatuko dute.
Azkenik, herritarren artean pintxo degustazio bat zozketatuko dute instagramen erdi aroko pintxoen argazkia partekatzen dituztenen artean.
Maria Serranok zinegotziak azaldu duenez zozketen bidez hiritarren parte hartzea sustatu nahi izan dute. Horrenbestez, herritarrak pintxoak probatzera animatu nahi izan ditu “pintxo bereziak” izango baitira. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie batik bat edizio honetan parte hartuko duten tabernei “igaro duten egoera zailaren ondoren pintxo lehiaketak erronka eta esfortzu bat eskatzen baitu”.