Emigrazio eraikinaren xehetasunak emango dituzte ostiralean
Auzotarrentzako bilera irekia egingo dute Lekaenea ikastetxean ostiral honetan, 19:00etan. Barrualdea nolakoa izango den azalduko dute.
Emigrazioko eraikinaren barrualdea birgaitzeko proiektua aztertzeko IRUNVIko administrazio kontseilua ostiral goizean batzekoa da. Ondoren, arratsaldeko 19:00etan, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko auzotarrentzako bilera egingo dute Lekaenea ikastetxean. Bertan izango dira Jose Antonio Santano alkatea, Miguel Angel Paez Hirigintzako ordezkaria eta proiektua idazten dabiltzan teknikariak.
Emigrazioaren eraikina Irungo Ondare Arkitektoniko gisa katalogatuta dago eta 1963an eraiki zen Alejandro de la Sota arkitektoaren lana. Jakina denez, kanpoaldea birgaitu dute oraingoz, eta barrualdean auzorako erabilera eta espazio berriak eskaini nahi dituzte.
“Orain aurkeztuko den proiektu idatzian eraikin guztia sartuko da, baina edukia bereizita agertuko da (auzorako erabilera sozialak, zentro zibikoa eta gazteentzako alokairuko etxebizitza publikoa).
Beheko solairuari zein erabilpen eman jakiteko San Migeleko auzo elkartearen eta beste elkarte batzuen ekarpenak jaso zituzten “ekipamendu publikoen erreferentziako espazio bat izango denaren erabilerak definitzeko”.
Proposamenak honako hauek dira: adinekoentzako espazioa bertara eramatea zabalagoa izateko eta zerbitzu gehiago edukitzeko; auzo-elkartearen egoitza han jartzea; haurtxoko bat, liburutegi bat ere izango du, eta gizarte etxe bat, balio anitzeko bost areto eta auditorioa izango dituena.
Bizitegi zuzkidura bat jarri nahi dute ere “batik bat gazteei eta beharrak dituzten beste kolektibo batzuei begira”. Datozen urteetan Irunen etxebizitza publikoaren gainean egingo den jarduera garrantzitsuenetako bat izango dela dio udalak. Emigrazio eraikinean guztira 31 etxebizitza egokitzea aurreikusi dute gazteentzat eta beharrak dituzten beste kolektibo batzuentzat.