Elkarrekin Podemos IUk 14 milioi euroko kreditu aldaketa positiboki baloratu du
Kreditu aldaketa aho batez onartu izana nabarmendu du, "horrelako adostasunak ez dira erraz gertatzen beste udalerri batzuetan".
Elkarrekin Podemos IUk balorazio positiboa egin du joan den ostiralean Udalbatzak onartuko kreditu aldaketaren gainean. Udal aurrekontuari 14 milioi euro batuko zaizkiola gogorarazi du, eta garai aproposean iristen dela erabakia: “Pandemiaren unerik okerrenak gaindituta, bultzada ekonomiko horrek balioko du baieztatzeko susperraldi ekonomiko eta soziala errealitate bihurtzen hasi dira udalerrian”. Zehazki, gazteria, euskara, hiri sustapena eta kulturara bideratutako partidak nabarmendu ditu.
Horrez gain, udal gobernuak luzaroan geldituta zeuden proiektu handiei heldu ahal izango diela adierazi du; hala nola, CBA handitu, erdigunean Haurtxoko berria egin edota Poxpologile kalea berrurbanizatu.
Ildo horretatik, gobernu akordioa gogora ekarri du Elkarrekin Podemos IUk, eta horren ardatza “pertsonak erdigunean jartzen dituzten politikak” direla azaldu du. “Gure talde gobernuan egoteak ahalbidetu du hiriarentzako neurri progresisten eta ibilbide luzeko proiektuen aldeko apustu egitea”.
Adostasuna
Elkarrekin Podemos IUk ere akordiorako gaitasuna nabarmendu du. Izan ere, aho batez onartu dute zinegotziek kreditu aldaketa. “Horrelako adostasuna ez dira erraz gertatzen beste udalerri batzuetan. Horrek esan nahi du, gure talde gobernuan egoteak akordio zabalaka dakartzala herritarrentzat garrantzia handia duten gaietan”, adierazi du.
Kreditu aldaketa hori, gainera, herritarrentzat “benetakoak eta agerikoak” diren proiektuak gauzatzera zuzenduta egon behar duela iritzi dio, eta, zentzu horretan, urtea amaitu baino lehen, gobernu akordioa betetzeko ahaleginak egiten jarraituko duela gaineratu du Elkarrekin Podemos IUk: “Gobernu akordioa da gure ibilbide orria, eta aurrekontuetan 14 milioi euro txertatzeak helburu horiek betetzen lagundu behar digu”.