Dies Oiassonis jaialdia ohiko moldeetara itzuliko da uztailean
Uztailaren 14tik 17ra bitartean egingo da aurtengoa eta 200.000 euroko aurrekontua izango du. Navigium Isidisen gaineko informazio saioa ekainaren 2an egingo da 19:00etan Oiasso museoan.
Hiri Bultzadako ordezkari Juncal Eizagirrek Arloak 2022rako aurreikusi dituen proiektuen berri eman du, eta kaleko jarduerak errekuperatzea” dela aurtengo helburua esan du.
Dies Oiassonis
Era horretan, Dies Oiassonis jaialdiaren berri eman du, uztailaren 14tik 17ra bitartean egingo da aurtengoa eta 200.000 euroko aurrekontua izango du “2019koa halako bi”. Jaialdiaren xedea merkataritza eta ostalaritza sektorea dinamizatzea dela adierazi du udalak.
Erromatar zirkua, Navigium Isidis ikuskizuna eta antzezpen historikoak egingo dituztela jakinarazi du Eizagirrek. Navigium Isidisen parte hartu nahi dutenentzako informazio saio bat antolatu du Portu aretoan Oiasso museoak ostegun honetarako (ekainak 2) 19:00etan. “Aurtengo prozesioaren xehetasun guztiak ezagutaraziko dira, berritasun batzuk barne”.
Irun Aurrera bonuen balantzea
Bosgarren edizioa martxan dago egun eta ekainaren 19ra arte iraungo du. Seigarren edizioa “urtearen bigarren erdialdean” egingo dela aurreratu du Eizagirrek.
Orain arte egindako kanpainen balantzea “oso ona” dela dio udal ordezkariak: “25.556 lagunek erabili dute Irungo Udalak 2020ko udatik merkaturatu dituen 65.000 bonuetakoren bat”. Aurrekontuaren 543.440 euro erabili dituzte orain arte, eta 2022rako beste 400.000 euro jarriko dituztela azaldu du udalak. “Aurreko edizioek 1,5 milioi euroko inpaktua izan dute hiriko ekonomian”.
Irun Market plataforma
Merkataritza eta ostalaritza sektorearentzako laguntzen ildoa jarraiki, Irun, Hondarribia eta Hendaiako denden salmentarako plataforma bat sortu dute uda eta gero martxan jarriko dutena: irun.market.
Bidasoa bizirikek sustatu du plataforma, eta, nahiz eta udara ondoren abian jarriko den, interesa duten establezimenduak aurrez batu daitezke ekimenera ekainaren 6tik 19ra bitarte.
Ildo horretan, ekainaren 16an saio telematiko bat eskainiko du udalak dendariei informatzeko. Ondoren, uztailan, prestakuntza saio bat egingo dute eta doakoa izango da. “Gainera, parte hartzen dutenentzako dirulaguntzen lerro bat aurreikusi da, salmenta plataforma digitalean sartzeko beharrezkoak diren inbertsioak egiteko”.
Plataforma horri esker produktuak eskaera egin eta 24 ordutara dendan bertan jasotzeko aukera izango da. Espainia osotik egin ahalko dira erosketak aplikazio honen bidez. Bestalde, kontsumitzaileei laguntza eskainiko zaiela ere ohartarazi dute.