Udal garbitzaileek piperrak bota dizkiote udalari
Ekainaren 30era arte egingo dute greba. Udalaren aldetik ez dute inolako erantzunik jaso eta beraz, gaur goizean piperrak bota dituzte.
Gaur goizean udal garbitzaileek piperrak bota dizkiote Hondarribiko Udalari gaztelerazko esamolde bati erreferentzia eginez “les importamos un pimiento” ohiukatuz.
Duela bi aste 17 egunetako greba hasi zuten, baina negoziazioek geldirik jarraitzen dutenez, hilaren 25ean, ekainaren 30era luzatzea adostu zuten. Denbora guzti honetan udalaren aldetik inolako erantzunik jaso ez dutela salatu dute eta beraz immobilismo horri erantzun bat emateko piperrak bota dituzte Udaletxeko atarian.
Eskoletako egoera jasanezina bihurtzen ari da eta horren harira, eskoletako gurasoen elkartearen, ikasleen eta irakasleen babesa jasotzen ari direla azaldu du ELA sindikatuak eta bihar, eskola ordutegia amaitzerakoan, eskoletako ikasleekin kontzientziazio bilerak egingo dituztela azaldu dute.