Asteazkenean hasiko da hondartzako aparkalekuko TAO zerbitzua
Aurten, iaz baino 88 aparkaleku gehiago eskainiko dituzte hondartzako aparkalekuan. Kai berrian zein Lurgorrin ez da aparkatzeko aukerarik egongo.
Gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak eta Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak hondartza eremuko aparkalekuaren zerbitzuen berri eman dute, izan ere, bi urteren ondoren hondartzaren betiko funtzionamendua berreskuratuko da.
Hondartza sasoia ekainaren 15ean hasiko bada ere, udalak aparkalekuaren kudeaketa ekainaren 1n martxan jarriko duela azaldu dute. Horrela, asteazken honetan abiaraziko da hondartzako aparkalekuan zein Foru kalean TAO zerbitzua eta abuztuaren 31n amaituko da. Alkateak, otazainen eta udaltzainen kontratazioa Enplegu Planaren barnean egiten dela gogorarazi nahi izan du eta Portu Zuzendaritzarekin duten hitzarmenaren ondorioz TAOren ekarpenaren zati bat hondartza eta kai inguruko inbertsioetarako jasotzen dela.
Bestalde, Ramon Iribarren kaleko (Lurgorri) edo Kai berriko aparkalekuak itxitak egongo direla nabarmendu nahi izan dute, Kai berrian egiten ari diren obren ondorioz. Portuko Zuzendaritzak harrizko blokeak pilatzeko erabiliko ditu bi eremu horiek. Hala ere, aparkaleku horien itxiturak sor ditzaken arazoak aurreikusiz, hondartzako aparkalekuan bi urtez itxita egon den eremua zabalduko dute (BTT pistaren atzeko aparkaleku eremua). Bertan, 178 plaza daude eta Lurgorriko aparkalekuak eskaintzen zituen 90 lekurekin alderatuz 88 plaza gehiago izango direla adierazi du Sagarzazuk. Guztira, hondartzako aparkalekuan, 1.200 autorentzako leku inguru egongo dira.
Baserritar etorbidean “Jaizkibelgo mendi-hegaletatik ura sartzea saihesteko egiten ari diren lanak”, ekainaren 15a baino lehen amaitzea aurreikusten dute. Era honetan, hondartzara iristeko ez da inongo oztoporik izango.
Aurtengo berrikuntzak
Gurutze Gorriak ‘oztopo gabeko bainua’ zerbitzua eskainiko du aurten ere, baina azken bi urtetan ez bezala, ez da desinfektazio edo itxaronaldi denborarik egongo.
Halaber, hondartza kerik gabeko eremua izendatu dute eta Lurgorri aldeko arranpla denontzako irisgarria bilakatu dute. Arranplak zuen malda gutxitu dute eta era honetan, ezkerretik zein eskuinetik edozeinek erabili ahal izango duela aipatu du Carrionek.
Hondartzako instalazioen ordutegiak
Ekainaren 15etik irailaren 15 era, hondartza sasoiarekin batera, honako instalazio zein zerbitzuak eskainiko dituzte:
- Komunak 09:00etatik 20:00etara irekiko dituzte astelehenetik igandera.
- Aldagelak 10:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte.
- Gurutze gorriaren zerbitzua egunero 11:00etatik 19:00etara (ekainean eta irailean) eta 10:30etatik 20:00etara (uztailean eta abuztuan)
- Hondartzako dutxak 24 orduz egongo dira erabilgarri.
- Aurten ere zaborrak hondartzatik kanpo mantentzearen apustua egin dute.
Hondartzaren zerbitzuen kudeaketa egiteko, udalak 2.300.000 euroko aurrekontua izango du aurten ere.