Euskaraldiari begira jarri da Irun
Euskaraldiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute. Aurtengo helburua pertsona nahiz entitateek euskararen erabilera handitzeko urratsak egin eta parte hartzea handitzea da.
Korrika amaituta, Euskaraldiari begira jarri dira Irunen. Joan den ostiralean hirugarren edizioaren aurkezpena egin zuten San Juan plazan Irungo Udaleko ordezkariek nahiz entitateetako kideek. Bertan izan ziren, esaterako, Jose Antonio Santano alkatea eta Miren Etxebeste Euskara ordezkaria. Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, Hitzez ekiteko garaia lelopean.
Euskara ohiturak aldatzeko bidean, Euskaraldiak helburu bikoitza izango du; batetik, pertsona eta entitateek euskararen erabilera zabaltzeko urrats berriak egitea; eta, bestetik, parte hartzea areagotzea, bai ahobizi, bai belarriprest baita arigune gehiago lortuta.
Horrez gain, helburu zehatzagoak ezarri ditu Euskara Batzordeak: belarriprest, gizonezkoen eta gazteen parte hartzea ugaritzea. Hain zuzen, ostiralean gazteak animatzeko jarduerak egin zituzten San Juan plazan. Ekaina eta abuztua bitartean ere Euskaraldia presente egongo dela aurreratu du Etxebestek, eta “kalea berreskuratzeko eta ariketari ikusgarritasuna emateko” ekintzak egingo dituztela.
Irailaren 29an irekiko dute ahobizi eta belarriprest gisa izena emateko epea, eta entitateek, berriz, dagoeneko izena eman dezakete. Azken horiek, ariguneak edo euskaraz lasai hitz egiteko guneak eratuko dituzte.
Real Unionen partaidetza
Unai Emery Real Unioneko presidenteak jakinarazi duenez, klubak entitate moduan parte hartuko du aurtengo Euskaraldian. Hala, klubean ariguneak osatuko dituzte, euskara ulertzen duten pertsona taldeekin eta herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzen dieten klubeko kideekin, “helburua erakundearen kideen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotzea izango da”.
Bide beretik jardutera animatu ditu herritarreak eta beste entitateak, “euskararen erabilera egunerokoan edo jardueran areagotzeko urrats esanguratsu bat egitera”. Hala, Real Unionek bere funtsezko oinarrietan euskararen erabileraren eta sustapenaren garrantzia txertatuko duela iragarri du.
Beste entitate batek parte hartu nahiko balu aukera izango luke, esaterako, errotulua euskara hutsez edo euskaraz eta gaztelaniaz jartzeko baita jatetxe batek ere menua bi hizkuntzotan egitea. Baina batik bat erabilera sustatzearen alde hitz egin du Emeryk, euskaraz dakiten bezero, erabiltzaile edo bazkideekin erabiliz, eta hitz egiteko gai izan ez arren euskara ulertzen dutenek bezero, erabiltzaile eta bazkideak haiei euskaraz zuzentzera animatuz. Real Unionen erronka horri aurre egiteko prest daudela adierazi du Emeryk.
Azkenik, udalari dagokionez, udal talde politiko guztiek bat egin dute ekimenarekin, Etxebestek jakinarazi duenez: “Proposamena babesten duten ordezkari politikoek ekimenean parte hartko dute. Halaber, udalak Euskaraldia sustatuko du; ariguneak sortu eta euskararen erabilera bultzatzeko urrats esanguratsuak emango dituela iragarri du Euskara zinegotziak.