Burujabetza iraultzaren lehen ekintza, larunbatean Ficoban
Euskal Herriko Ehun mugimenduak deituta, Frantziak eta Espainiak lapurtutako eremuak berreskuratuko dituzte.
Euskal Herriko Ehun mugimenduak “burujabetza iraultzaren” lehen ekimena egingo du datorren ekainaren 4ean Ficoban. “Frantzia eta Espainiako estatuek gure herriari eta bertako herritarrei burujabetzak (pluralean) ebatsi dizkiote”.
Hausnarketa horretatik abiatuta, Bidasoaldean “gogorki” pairatu dela burujabetza lapurretaren ondorioak azaldu dute, eta horren aurrean, mugimenduak, lapurtutako eremu horiek berreskuratu nahi dituzte. “Eskualde honetako biztanleen gehiengo zabal batek begi onez ikusiko duen ekintza bat eginez”.
Gogoan izan dute ikastolek eta intsumituek egin gisan gauzatuko dutela ekintza “baimenik eskatu gabe, herritarren nahia emanen dugu erdigunean eta ez lege injustu arrotzak”.
Herritarrak protagonista bilakatzea nahi dute, eta beraz, gonbidapen zabala egin dute larunbat honetan 12:00etan Ficoban elkartzeko mozorrotuta.
Bezperan ere 19:00etan hitzordua finkatu dute Hendaiako Baleak elkartean ekintzaren nondik norakoak azaltzeko. Talo-poteoaz gozatzeko aukera ere izango da.