'Komandantzia' aldizkaria aurkeztu du Kepa Ordoki elkarteak
Aldizkari monografikoa da, eta eraikin horrek eskualdean utzi zuen lorratza aztertu dute erpin guztietatik.
Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea buru belarri ibili da azken urtebetean Komandantzia. Frankismo, Nazismo eta Faxismoaren babesleku aldizkarian. Azkenik, argia ikusi du aldizkariak, eta eraikin horrek nondik norako guztiak bildu dituzte 75 orritan.
Mugen agintaritza osoa hartu zuen 1939an matxinatuek Pirinio guztien kontrola hartu arte, eta herritarren sartu-irtenak kontrolatzeaz gain, propaganda edota faxisten zerbitzu sekretuen mugimenduak kudeatzen zituen. Eraikina Espainia frankista eta Europaren arteko lokarria zen, eta elkarlanean aritzen zen III. Reich-arekin eta Italiako faxistarekin espioitza lanetan, besteak beste. SIMP eta SIFNE inteligentzia zerbitzuek ere handik egiten zuten lan.
Komandantziak bi kokaleku izan zituen. Lehena, Corona Celayaren etxean, eta, berehala, Jose Maria Berastegi aduana agentearen etxera eraman zuten, Iparralde 26an (egungo Erain Txiki eraikinean). Irun eta Hondarribiko ardura militarrak zein mugako zuzendaritza Julian Troncoso komandanteak bateratu zituen. Komandanteak Legión Negra sortu zuen, Ipar Euskal Herrian hainbat sabotaje eta bahiketa egin zituen taldea. Horregatik, atxilotu eta kargugabetua izan zen.
Luis Otxotorena Sanchezek hartu zuen lekukoa, behin-behinean, eta, ondoren, Antonio Sanz Aguerok, errefuxiatuen itzuleran zeresana eman zuen komandanteak. Berriro Otxotorena itzuli zen kargura, eta berak egin zien naziei harrera Etorbidearen zubian. Jose Lopez Pinto izan zen azken komandantea.
Kontrol ideologikoa
Estatu kolpearen ondorioz, Irungo biztanleria 18.000tik 6.000ra jaitsi zen, eta erregimen berriaren ezarpenaren ondoren, lehen hilabetetan bi mila lagun itzuli ziren, Comisión de Admisión del Puente erakundearen baimenarekin. Batik bat jarrera politikoa aztertzea zen horren ardura.
Behe Bidasoko erbesteratuak euren ideologiaren arabera sailkatzen zituzten, eta horretarako, JAP,
Falange, Junta Carlista, Poliza edo elizako ordezkariekin kolaboratzen zuten. Comisión de Admisión del Puentek Avenida zubia zeharkatzen zituzten pertsonak hainbat kontzentrazio esparrutara bideratzen zituzten pertsonak, erregimenarekin bat eginez gero, Hondarribiko Mirentxu kasinora eta Nuestra Señora del Pilar egoitzara, eta iruzurrezko erbesteratutzat joz gero, Pequena Velocidad bezalako kontzentrazio esparruetara. Handik bideratzen zituzten Espainiako Estatuko kontzentrazioa esparru handiago batzuetara. Erregistratutako datuen arabera, 3971 lagun pasatu ziren Pequeña Velocidadetik. Maëlle Maugendre historialariaren arabera, 98 mila pertsona igaro ziren mugatik, 1938komaiatza eta 1939ko otsaila artean.
Legión negra
Bidasoako Komandantzia Militarrak espresuki sortu zuen, eta Bauer komandante eta fisikari nazia zein Frantziako La Cagoule antolakunde faxistarekin elkarlanean hainbat atentatu egin zituzten. Bonbak ere egiten zituzten Pasaiko portuan. Taldearen atentatu ezagunena patronal frantsesaren aurkako atentatua izan zen, 1937ko irailean, Parisen.
Espioitza
Komandantzia eta gainontzeko agentzien artean espioitzan elkarlanean aritu ziren, Italiako SIM eta Portugalgo PVDE, esate baterako. Alemanekin ere bide beretik jardun zuen Komandantziak. Hendaiara okupazioaren aurretik iritsi ziren, eta ofizialki enpresa bateko langileak ziren, eta besteak beste, alemaniarren interesei lotutako jarduerak sustatzen zituzten, wolframioaren kontrabandoa, besteak beste.