"Irungo Koadrila Eguna ez da gazteen kontu bat soilik"
Koadrila Eguna ekainaren 25ean izango da, Betti Gotti Euskara Kultur Elkartearen ekimenez. Herri bazkarirako sarrerak hilaren 27tik 29ra erosi ahal izango dira, haien webgunean.
Betti Gotti elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du ekainaren 25erako: kuadrillen gosaria, goitibera lehiaketa, txaranga, batukada, kalejira, Globotxupinazoa, bazkari herrikoia eta kontzertuak egongo dira. Zapiaren kolorea beltza izango da, eta herri bazkaria Ficoban gauzatuko da. Bertan, 1.800 lagunentzako lekua egongo da. Baina, aurten bereziki, hau guztia antolatzea ez da lan samurra izan.
2020an ez ohiko Koadrila Eguna egin zen. 2021ean, berriz, ezinezkoa izan zen ezer antolatzea. Nolakoa izan da bi urteren ondoren Koadrila Eguna antolatzea?
Zaila izan da. Zailtasun nagusienak, batez ere, pandemia garaiak eragindako krisiarengatik izan ditugu. Prezio guztiek gora egin dute, eta udalak, egoera honetaz jabetuta, beste jarrera bat izan du [udalaren diru laguntza jaso dute]. Baina, dagoeneko, dena bideratuta dago. Egiteko prest.
Eta elkarte bezala?
Jendea gogotsu dago eta honek, Betti Gottiri, sostengu polita ematen dio. Guri [antolatzaileei] poza eragiten digu, batez ere, Koadrila Egunaren sortzeko arrazoiak gogorarazi baitizkigu. 2008an, lehenengo urte hartan, bi sentsibilitateak, elkarrekin, jai giroan gozatzeko sortu zen. Jaietan baldin bagaude denen eskubidea delako disfrutatzea eta ondo pasatzea. Urteetan zehar emaitza oso polita izan da, eta, aurten, helburu horiek berriz ere gure egin ditugu.
Aurtengo zapi kolorea beltza izango da. Pandemiaren hildakoei keinu bat egin nahi izan diezue, ezta?
Bai, kolore beltzarekin ziklo bat itxiko da. Urtero kolore ezberdineko zapiak izan ditugu, eta pandemiaren ondoren lehenengo edizioan izan genuen zapi beltzera bueltatzea pentsatu genuen. Nolabait, pandemiaren ondorioz, joan zaizkigunak oroitaraztea eta ziklo bat ixtea erabaki dugu.
Herri bazkariaren sarreraren euro solidarioa, aurten, Pausoka elkarteari emango diozue.
Pausoka elkartea behar bereziak dituzten haurren gurasoen elkartea da. 2009- 2010 urte inguruan hasi ginen euro solidarioaren keinua egiten. Urtero, bazkarira etortzen den partaide bakoitzeko euro bat ematen diogu elkarte bati. Baina honakoa ez da Betti Gottik egiten duen ekarpen bat, pertsona bakoitzaren ekarpena baizik eta nik uste dut hori txalogarria dela. Guk bidea jartzen dugu, jendeak gonbita onartzen du, eta elkarteek diru ‘pusketa’ bat jasotzen dute.
Urtero olinpiadak antolatzen zenituzten, baina, aurten, Irungo Sari Nagusia goitibehera lehiaketa antolatu duzue. Zer dela-eta aldaketa hori?
Hasieran, lau edo bost talde inguru animatzen ziren olinpiadetan parte hartzera. Geroago, zenbait urtetan, hamabi bat talde ere izan genituen. Eta urte haietan, bi asteburutan egin behar izan genituen olinpiadak. Baina azken urteetan zenbait talde bazeuden ere, parte hartzaileak batzea kosta egiten zen. Irunen, garai batean, goitibehera txapelketatxo batzuk egiten ziren, eta hori berreskuratzea aproposa izango litzatekeela iruditu zitzaigun. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen. Kuadrilla bakoitzak bere goitibehera propioa egitea polita izango litzatekeela uste dugu. Aurten, parte hartzaileek ez dute ibilgailu horiek prestatzeko denbora askorik izango, eta beraz, Betti Gotti elkarteak jarriko ditu. Hala ere, dagoeneko, kuadrilla pare batek beren goitibeherekin parte hartzeko eskatu digute. Eta noski! Baietz esan diegu. Horrek, Irungo Sari Nagusia izena ezarri diogun lehiaketa gehiago girotuko baitu.
Askotan Koadrila Eguna gazte jendearekin harremandu ohi izan da, baina zuek denentzako festa dela aldarrikatu duzue.
Hasieratik egin dugun aldarrikapena da hori. Udalari, eta herriari ere bai, ulertarazi nahi diogu Koadrila Eguna ez dela gazteen kontu bat soilik. Kuadrillak, guk dugun zentzuarekin, adin guztietako jendearenak izan daitezke. Koadrila Eguna sortu genuenetik hiritar guztiengana iritsi beharko ginatekeela esan genuen. Gazteengana iristen gara orain, baina haur, heldu eta familiengana ere iritsi nahi dugu. Udalari urtero esaten diogu familiei, haur edo helduei zuzendutako gune ezberdinak sortu nahi ditugula. Kolektibo hauek ere kuadrilla egun osagarri bat izan dezaten. Ondo pasatzea ez da parranda giroan egotea bakarrik. Kontzertuetan, antzerkietan edo mahai baten bueltan ere ondo pasa daiteke. Eta gune horiek sortu behar ditugu, herri guztiarentzako jai giroa sortu nahi badugu. Urteak daramatzagu horretan.
Aurten, lehiaketarik izango ez den arren, kuadrillak elastikoak egitera animatu nahi izan dituzue.
Bai, beno, garai batean atorrak egiten zituzten kuadrillak zeuden. Blusa irekiak eta koloretsuak ziren. Eta polita izango litzateke hori guztia berreskuratzea. Kamixetarekin bada, azken urteetan ikusi dugun bezala, primeran. Baina atorrak balira beste gauza bat berreskuratuko genuke, ez baitira aspaldidanik ikusten. Lehen, lehiaketa bidez sustatzen ge- nuen, baina aurten ez digu hori antolatzeko aukerarik eman.
Aipatu duzun bezala, Koadrila Eguna antolatzea ez da batere lan erraza, eta beraz, boluntarioen laguntza eskertuko zenukete, ezta?
Egunarekin aurrera egiteko laguntza beharrezkoa da. Ea taldetxoren bat sortzeko aukera dugun. Norbaitek honen parte izan nahiko balu gure sare sozialen bidez edo posta elektronikoaren bidez gurekin harremanetan jar daiteke. Lagundu nahi duen oro ongietorria izango da.