Surf munduan murgilduko da Amua Festibala
Ekainaren 3 eta 4ean egingo da aurten festibala, eta Los Tiki Phantoms musika taldea da kartel burua.
Amua Festibala aurkeztu dute Butroi pasealekuan Amua elkarteko Ernesto Toledok eta Kultura zinegotzia den Juan Luis Silanesek. Aurtengo edizioaren ildoa surf musika izango da eta ekainaren 3 eta 4ean egingo da.
Ekainak 3
Radio 3 irratiaren El Sotano programa zuzenean eskainiko du Diego RJ-k Itsas Etxea auditoriumean.”Surf kulturari, musikari eta kirolari lotutako programa esanguratsuenetarikoa da etorriko dena”. Bertara joango dira gonbidatu gisa Pedro Tembouri, ondoren, 20:00etan proiektatuko duten La primera ola dokumentalaren zuzendaria; Fernando Pardo, Los Coronas taldeko liderra ere irratiaren mikrofono aurrean jarriko da.
La primera ola sei aldiz izendatu zuten Goya sarietarako 2016ean. Itsas Etxean ikusi ahal izateko gonbidapenak eskuratu behar dira ohiko bideetan.
Ekainak 4
Oholtza bat jarriko dute Butroi pasealekuan eta 16:00etan Hondarribiko Monterrey Surfers taldeak joko du. Jarraian, Los Tiki Phantomsen txanda izango da “musika surf eszenan gaur egun aktibo dagoen talde garrantzitsuena da”, zehaztu du Toledok. Ondoren, musika pintxatuko dute zenbait DJ-k, hala nola, DJ M_FAB-ek.
Bigarren egun honen asmoa “familia guztiarentzat” plan bat egitea dela adierazi du Silanesek. Gainera, bertako musikariei “keinu bat” egin nahi izan dietela esan du, eta horregatik datorrela Monterrey Surfers.
Eguraldiak kalean egitea baldintzatzen badu, Itsas Etxean egingo da festibal guztia.