Aho batez onartu dute 14 milioi euroko kreditu aldaketa
Jose Antonio Santano alkateak historikotzat jo du lortutako adostasuna eta diru kopurua, eta Irunek eskertuko duela gaineratu du.
Kreditu aldaketen eztabaidan adostasuna gailendu da: Irungo Udalbatzak aho batez onartu du 14,1 milioi euroko kreditu aldaketa, zeina otsailean onartutako aurrekontuei batuko zaien. Udal Gobernu Taldeak aurkeztutako 13,6 milioi euro pasatxoko kreditu aldaketari oposizioaren zuzenketak batu zaizkio, 548.000 euro gehiago.
Udal Gobernu Taldeak balorazio positiboa egin du kreditu aldaketaren gainean lortutako akordioaren gainean. Jose Antonio Santanok alkate gisa daramatzan urte guztietan halakorik ez duela ikusi nabarmendu du, eta horrek gobernu eta oposizioari buruzko “irudi ona” islatzen duela. Akordio, adostasunak egonkortasuna ekartzeaz gain, Irunek eskertuko duela iritzi dio.
David Nuño Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea ere ildo beretik mintzatu da, eta gobernu akordioa lortu zutenean, politika sozialetan oinarrituta egin zutela: “Irun atzo baino hobeto dago gaur, eta bihar ziur gaur baino hobeto egongo dela”.
Oposizioak kreditu aldaketei baiezkoa eman arren, kritikak ere egin dizkie gobernu taldeari. EAJk batik bat Irun Via 2030 proiektuaren gainean dituzten desadostasunen harira, eta EH Bilduk, berriz, politika sozialagoen harira, batik bat gazteria eta gizarte zerbitzuetan inbertsio gehiago espero zituztelako. PPk, berriz, udalaren konpromisoa nabarmendu du.