Hondartzako kirol eremuen lurrak berreskuratzea eskatu du Abotsanitzek
Lur horien jabea Ingurumen Ministerioa da eta hiru lagapen hitzarmeni esker erabiltzen ditu udalak. Adostasun horiek iraungiko direnez, lurrak eskuratzea proposatu dute.
Abotsanitzek Hondartza auzoko kirol guneen titulartasunaren transferentzia egitea eskatu du udalean mozio baten bidez. Udalbatzaren babes osoa izan zuen apirileko ohiko osoko bilkuran.
1970. hamarkadan hasi ziren inguru horietan kirol gunean eraikitzen, hala nola, Hondartza kiroldegia edota futbol zelaia. Lur horien jabea Ingurumen Ministerioa zen eta Hondarribiko Udalarekin egindako kontzesio hitzarmenari esker egin zituzten eraikuntza lanak.
Lur sail horiek hiru lagapen hitzarmeni esker erabili izan dituela udalak adierazi du Abotsanitzek, eta horietako bi jada iraungi egin direla diote, “hirugarrena laster iritsiko da epemugara”. Hortaz, lur horien jabetza eskatzeko unea dela dio udal taldeak.
Kirol instalazioak bertan uztearen alde dago Abotsanitz, eta ez lur horiek lehengoratzearen alde, “azpiegitura egonkortuak direlako”, eta kirol gune goriek lehengoratuta ere, itsasoa urrun geratuko litzatekeela argudiatu dute. “Horrez gain, egungo udal hirigintza araudiak ez du baimentzen kirol gune horiek beste nonbaitera mugitzea. Beraz, lur horiek lehengoratuta ere gero, Hondarribiak kirol gune horiek galduko lituzke”.
Arrazoi hauek kontuan izanda Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak kudeatzen duen Gipuzkoako Itsasertzeko Zerbitzu Probintzialari lur horien erabilgarritasun eza eskatu beharko liokeela Hondarribiko Udalak azaldu dute, “eremuaren desafektazioaren aurrekari bezala”. Horren hurrengo urratsa lurren jabetza udalaren esku geratzea eta lurren titulartasun osoa edukitzea izango litzateke.
Inguruaren biosfera
Hondartza auzoko kirol instalakuntzen lur ingurua itsas mareen arabera zabaldu edo urez estali izan ohi zen estuarioa zen XX.mende erdialdera arte. Bada, askoz zabalagoa zen Bidasoa ibaiaren itsasoratzea.
Zabaltasun horretan hondarra eta beste hainbat material biltzen ziren eta horren eragin handia zuen bai Hondarribia eta bai Hendaiako herritarren egunerokoan. “Eremua oso arriskutsua zen, batez ere denborale garaian itsasoaren indarrak eta ibaiaren emari handiak bat egiten zutenetan”.
Ramon Iribarrenek diseinatutako bi espigoiek itsasoko ekaitzez babestu zuten badiaren parte hau, eta hondarra espigoien barrualdean metatu zen. Metatze hori baliatu zuten kirol instalazioak egiteko.