Kreditu aldaketaren harira, oraindik akordioa lortzeko itxaropena du EAJk
EAJk, 2 milioi euroko 28 zuzenketa aurkeztu ditu, baina, oraingoz 7 onartu dizkio udal gobernu taldeak, eta proposamen berrien erantzunaren zain dago.
Jose Corchon eta Xabier Iridoy. Bihar, ohiko osoko bilkura izango dute zinegotziek, eta 10 puntuko gai ordenaren barruan, 13 milioi euro pasatxoko kreditu aldaketa bozkatuko dute. EAJ itxaropentsu agertu da udal gobernuarekin akordio batetara ailegatzeko. Jeltzaleek 2 milioi euroko balioa duen 28 zuzenketa egin ditu.
Horietatik 1,2 milioi euro Bidasoa ibaiaren ertza berreskuratzera bideratu nahi ditu. Zehazki, Juan Thalamas Labandibar 55 etxea erosi, Ford Vertiz kontzesionarioa eraitsi eta Azken Portuko kiroldegia handitzeko proiektua eta aukerak aztertu nahi ditu.
EAJren arabera, maiatzaren 24an egindako bileran, 28 proposamenetatik 7 onartzeko prest azaldu zen Miguel Angel Paez Ogasun zinegotzia; 185.000 euroko zenbatekoarekin.
Zehazki, haurrentzako zinema zikloa, gazteen parte hartzea sustatzeko programa, bizikleta aparkaleku seguruak kokatzeko azterlana, udako kanpaina, Amaia KZko irisgarritasuna hobetzea, adinekoen gizarte zentro eta lokaletarako materiala erostea eta 2030 Agenda eta Garapen Iraunkorreko Helburuak zabaltzea.
Jeltzaleek balorazio “eskasa” dela egin dute, batik bat Bidasoa ertza berreskuratzeko proposamena kontuan ez izateagatik, “Irunentzat interesgarria eta beharrezkoa” den proiektua.
Horregatik, proposamen berriak helarazi dizkio, eta, oraingoz, horien erantzunaren zain dago. Horiek honakoak dira: Mendibil berrurbanizatzeko proiektua egitea (30.000 euro), Azken Portu kiroldegian alternatibak aztertu (50.000 euro) eta handitzeko proiektua (100.000 euro) egitea, besteak beste.

