Ekainaren 3tik 5era Bioterraren 19. edizioa Ficoban
Aurtengo edizioan 116 erakusketari eta 50 jarduera baina gehiago antolatu dituzte. Bizimodu iraunkorra eraman nahi dutenei zuzendutako azoka da.
Gaur goizean Bioterra 2022 aurkeztu dute. Bertan izan dira José Ignacio Asensio Bazterra, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamentuko diputatua, Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordea, José Antonio Santano, Ficoba Fundazioaren presidentea eta Maialen Gaztañaga, Bioterra azokaren zuzendaria.
Aurten ere Bioterra azokak Ficobako hiru pabiloiak beteko ditu. Guztira, 116 erakusketari izango dira bertan eta 50 jarduera baina gehiago antolatuko dituzte. “Kontsumo arduratsua pixkanaka bizi-ohitura bihurtzen” ari den honetan, bizimodu iraunkorra eraman nahi dutenei zuzendutako erakusketa antolatu nahi izan dute beste urte batez. Besteren artean, produktu eta jaki ekologikoak, bioeraikuntza edo energia berriztagarrien inguruko proiektuak izango dira bertan. Bisitariek horren guztiaren informazioa zuzenean jasotzeko aukera izango dute.
Erakusketari gehienak Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, baina kanpoko erakusketariak ere izango dira, hala nola, kataluniarrak, nafarrak, madrildarrak edo valentziarrak.
Bioterraren antolatzaileek “oso positibotzat” jo dute aurtengo edizioa antolatzeko enpresen aldetik jaso duten erantzuna. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak eremu bat izango duela azaldu dute eta Gipuzkoako transizio ekologikoaren inguruko informazioaren berri emango dute.
Jarduerak:
Erakusketaz gain, 50 jarduera baina gehiago egongo dira. Besteak beste, hitzaldiak, yoga saioak, sukaldaritza tailerrak, haurrentzako tailerrak eta eskulanak izango dira. Programazio osoa hemen.
Bioterra 2022 azokaren informazio gehiago beren webgunean aurkituko duzue.