Irisgarritasuna eta argiztapena hobetzeko obrak egingo ditu udalak
Bide publikoa hobetzeko lanak egingo ditu udalak espaloien egoera hobetuz eta LED sistemadun argiak jarriz. Milioi erdi euroko inbertsioa egingo du.
Irungo Udalak irisgarritasuna eta argiztapena hobetzeko lanak egingo dituela iragarri du. Oro har, bide publikoa hobetzera zuzendutako lanak izango dira, eta sei toki identifikatu dituzte nolabaiteko gabezia edo akatsekin; alegia, zolagaina egoera txarrean izatea, nahikoa argitua ez egotea, espaloi estuak izatea edo oinezkoentzako bideen artean loturarik ez izatea.
Guztira, 574.403,94 euroko inbertsioa egingo du udalak. Irisgarritasuna hobetzeko lanek 342.919,49 euroko aurrekontua izango dute, eta 308.677,96 euro Europako funtsetatik jasoko ditu udalak. Argiztapena hobetzeko lanek, berriz, 231.484,45 euroko aurrekontua izango dute.
Cristina Laborda Obren ordezkariaren arabera, ez dira lan ikusgarriak izango, “baina funtsezkoak dira egunerokoan oinez mugitzen diren herritar askorentzat”.
Bideetako lanak dagoeneko hasiak dira, Berrueta Pintorea kalean eta inguruan. Berrueta Pintorea kalean espaloiak zabalduko dira, zolagaina, zintarriak eta arekak berrituz, eta Artiga ibilbidean, berriz, zolagaina jarriko da espaloian eta bi kaleak elkartzen diren puntuko etxebizitzaren inguruan.
Hurrengo obrak honako kaleetan egingo dituzte: Juan Albisu kalean, Mendibil inguruan; Teodoro Murua kalean, 5 eta 11 zenbakien artean; Alzukaitz kalean, Toki Alai inguruan; Uranzu kalean, 51 eta 55 zenbakien artean; eta Letxunborro hiribidean, semaforoa duen oinezkoentzako pasabide batean.
Argiztapenari dagokionez, helburua argi kutsadura murriztu eta kontsumo gastua murrizteko. Kasu horretan argi puntuak LED teknologiadunez ordezkatuko dira. Sei puntutan egingo dituzte lan horiek: Salvador Etxeandia karrika, Eguzkitzaldea eta Luis Mariano kaleak, Letxunborro hiribidea, Sarjia parkea eta Colon ibilbidea.