Eskualdeko 18 eragilek saria jaso dute Euskal Turismoaren kode etikoarekin bat egiteagatik
Kode etikoak jasotzen du turismo eragile guztiek beren eguneroko jardunean integratzea erantzukizun sozialak eta ingurumen nahiz ekonomia iraunkortasuna.
Bidasoa Bizirik nahiz eskualdean turismoan dabiltzan hamazazpi eragilek Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso dute Euskal Turismoaren Kode Etikoarekin bat egiteagatik. Kode etiko horrek konpromiso zerrenda bat jasotzen du, turismo eragile guztiek beren eguneroko jardunean erantzukizun sozialak integratzeko baita ingurumen nahiz ekonomia iraunkortasuna ere.
Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak Bilboko Azkuna zentroan egindako ekitaldian jaso zuten saria, Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirikeko presidenteak eta hamazazpi eragile horien ordezkariek. Ekitaldian izan ziren Iñigo Urkullu lehendakaria eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua.
Paezen arabera, pozgarria da saria eskuratzea, “gure kultura babestu eta zaintzearen aldeko apustu garbia egiten duelako, bai eta helmuga iraunkor eta errespetuzko baten aldekoa ere”.
Euskal Turismoaren Kode Etikoak Turismoaren Mundu Erakundearen munduko kode etikoaren printzipioak biltzen eta egokitzen ditu, baita Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Iraunkorrerako
helburuak ere.
Honakoak dira saria eskuratu duten enpresak: Villa Magalean Hotel & Spa, Bidatour, Txingudi Ekoetxea, Parking Jaizubia, Marei Azafatas, Iketetxe, Navegavela, Jolaski, Conservas Hondarribia, Atalaia jatetxea, Oiasso museoa, Hotel ETH Irun, Hotel Atalaia, Hotel Jauregui, Pension Europa, Hotel Aitana, Goiznabar landa-turismoa eta Bidasoa Bizirik garapen agentzia.