Zahartze aktiboa bultzatzeko jarduerekin hasi dira berriz
Kasino Zaharra itxita dagoenez, herriko hainbat baliabide erabiltzen ari dira jarduerak egiteko, astelehenetik ostiralera.

Kasino Zaharrak itxita dirauen arren, Hondarribiko Udalak zenbait jarduera antolatu ditu pertsona nagusien zahartze aktiboa ekiten jarraitzeko. Horien berri eman du gaur Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Oroimen tailerra, soinketa fisikoa, yoga eta ibilketa nordikoa dira eskaintzen diren aktibitateak. Larrarteren arabera “oso arrakastatsuak” izaten ari dira, “100 hondarribiar inguru parte hartzen ari dira-eta. Izena eman zuten guztiak sartu dira”.
Astelehenetik ostiralera eskaintzen dituzte Zuloaga Etxean, Arraun Elkarteko instalakuntzetan, Amute-Kostako elkartean eta Txispun aretoan. Beti monitore bat egoten da haiekin. “Gure nagusiak lehentasuna dira Udalarentzat eta zentzu berean segituko dugu lanean” amaitu du Larrartek.