Jaion 2022: kale okupazio festa bueltan da
Larunbatean, hilak 28, Urdanibia plazatik Lakaxita Gaztetxera iritsi bitarte kaleak bereganatuko dituzte irundarrek. Musika taldeek eta mozorroek Irungo kaleak girotuko dituzte.
Bi urteren etenaldiaren ondoren bueltan da Jaion festa. Kale okupazio festa martxoan egin ohi izan da beti, duela 17 urte gaztetxea hil horretan okupatu baitzuten. Baina aurten, zailtasunak medio, ezinezkoa izan dute orduan antolatzea. Dena dela, Lakaxita Gaxtetxeak ez du festa galdu nahi izan, eta ezohikoa izan arren, Jaion hil honetara atzeratzea erabaki dute. Larunbatean da, eta arratsaldeko 17:00etan Urdanibia plazan hasiko da Jaion 2022.
Urdanibia plazatik Lakaxita Gaztetxera iritsi bitarte zenbait musika taldeen laguntzaz kaleak bereganatuko dituzte irundarrek. Furgoneta ibiltarian honako taldeek hartuko dute parte aurtengo Jaion festan: Eskasti, The Iiingles, Apaga y Vamonos, Peedoh, Bongo Krappul (Oscar Benas) eta DJ Aliño & Grazia & Ursula.