Irungo EH Bilduk tokiko garapena sustatzeko bi zuzenketa proposatu ditu
Tokiko garapena bertako ikuspegitik garatzea beharrezkoa dela aldarrikatu du Irungo EH Bilduk. Horretarako, 55.000 euroko bi zuzenketa proposatu dituzte.
Ostiral honetan, Irungo Udaleko osoko bilkuran, kreditu modifikazioa izango dute eta Irungo EH Bilduk hainbat zuzenketa proposatu ditu.
Talde ezkertiarraren ustez garrantzitsua eta beharrezkoa da tokiko garapena sustatzea eta hori, bertako ikuspegitik egitea. Horregatik, ekonomia solidarioa eta kooperatibismoa politiketan txertatzeko Plan Estrategikoa sortzea proposatu dute. Planak hiru helburu izango ditu: “Irunek kooperatibismoaren ikuspegitik tokiko garapenerako duen potentziala identifikatzea, udalaren politika publikoak ikuspegi honetatik ebaluatzea eta lurraldeko agenteen arteko estrategia komuna osatzea”.
Halaber, udalaren kontratazio eta erosketa arduratsua bultzatzeko eta ezartzeko Plan bat osatzea proposatu dute. Plan honek, udalaren gastu publikoaren azterketa egitea eta tokiko garapena indartuko duen neurri berriak identifikatzea ahalbidetuko luke.
Planteaturiko Planak burutzeko 55.000 euroko zuzenketak proposatu dituzte.