Irungo Atsegina elkarteak 'Irungo Erraldoiak' sariak banatu zituen igandean
Jose Mari Sarriegik eta Bidasoa Atletiko Taldeak Irungo Atsegina elkartearen 'Irungo Erraldoiak' sariak jaso zituzten.
Atzo goizean, Irungo Atsegina Elkarteak ‘Irungo Erraldoiak’ sariak banatu zituen. Eguerdiko 13:00etan, Aldabe Elkartean ‘lunch’ txiki batekin hasi zuten ekitaldia. Saridunak, familia eta lagunekin hurbildu ziren bertara. ‘Lunch’-aren ondoren, Irungo Atsegina elkartearen ‘Erraldoien Konpartsa’ bertaratu eta Aldabe elkartetik, trikitixa eta panderoaren laguntzarekin, Irungo Atsegina elkartera lagundu zituzten. Elkartearen atarian aurreskua dantzatu zieten saridunei eta malko eta emozio artean sartu ziren elkarte barrura.
Bazkaria hasi baino lehen egin zuten sari banaketa. Lehendabizi covid-19aren hildakoiei hitz batzuk eskaini zizkion antolatzaileak. “Sari hauek 2020an eta 2021ean ematekoak ziren, baina pandemia dela eta atzeratu egin behar izan genuen” adierazi zuen. Ondoren, saridunen urteetako lana laburki errepasatu eta saridunei eman zien hitza.
Jose Mari sarriegik Irungo atseginaren lana goraipatu nahi izan zuen. Elkarteak 100. urteurrena ospatuko du aurten eta beraz zoriontzeko baliatu zituen lehenengo minutuak. “Esker beroenak, benetan, bihotz bihotzen gaur egin duzuenarengatik, ezin politagoa”. Ondoren, bere familiaren babesa eskertu nahi izan zuen “horrelako bizitza mugitua bizitzen duenarentzako familiaren babesa ez baldinba dago oso zaila da”.
Jarraian, Josema Sotok, BATeko presidenteak jaso zuen saria. Sotok laburki, eskerrak eman zizkion antolakuntzari horren omenaldi polita egiteagatik eta klubaren ibilbidea kontuan izanagatik. Ondoren, esker hitzak besterik ez zituen izan Jose Mari Sarriegirentzako, BATen ohorezko lehendakariarentzako. Sari banaketarekin amaitzeko, BAT taldeak, esker ona erakusteko, oroigarri bat oparitu zien Irungo Atsegina Elkarteko lehendakari ohiei.
Sari banaketaren ondoren, bazkari eder batez gozatu zuten bertaratu ziren guztiek.